Mugire Txokoan egindako ekitaldian, erakundearen ibilbidea gogora ekarri da, eta Mungiako Merkataritza Elkartearen eta Zabalondoko Industrialdeko Elkartearen lana aitortu da.
Mungialdeko Behargintzak 25. urteurrena ospatu du gaur, azaroaren 5ean, Mugire Txokoan egindako ekitaldi berezi batekin. Topaketak 80 pertsona inguru bildu ditu, eskualdeko erakunde, enpresa, ikastetxe eta eragile sozioekonomikoetako ordezkarien artean.
Ospakizuna 13:00etan hasi da, urteurrenerako bereziki prestatutako bideo baten proiekzioarekin. Ikus-entzunezkoak Behargintzaren 25 urteko ibilbidea laburbildu du, 2001ean sortu zenetik gaur egunera arte izandako bilakaera eta enpleguaren, prestakuntzaren, ekintzailetzaren eta enpresa garapenaren arloetan egindako lana nabarmenduz.
Ondoren, Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak ongietorria egin die bertaratutakoei. Bere hitzaldian, Behargintzak eskualdeko garapen ekonomikoan duen garrantzia azpimarratu du, baita urte hauetan guztietan erakundearen ibilbidea posible egin duten profesionalen, erakundeen eta eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza ere.
Ekitaldiko une berezienetako bat bi elkarteri egindako aitortza izan da. Batetik, Mungiako Merkataritza Elkartearen lana nabarmendu da, hurbileko merkataritza sustatzeko, tokiko negozioei laguntzeko eta udalerriko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko egiten duen ekarpenagatik.
Bestetik, Zabalondoko Industrialdeko Elkarteari aitortza egin zaio, industria sarea indartzeko, enpresen arteko lankidetza bultzatzeko eta eskualdeko garapen ekonomikoari laguntzeko egiten duen lanagatik.
Bi aitortzen bidez, Behargintzak merkataritza eta industria sektoreek Mungialdeko ekonomian duten garrantzia azpimarratu nahi izan du, baita eragile horiekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa ere.