Imagen Cedro del Atlas (Cedrus atlantica (Endl.) Manetti ex Carrière)
17
Panel-zenbakia

Atlasko zedroa (Cedrus atlantica (Endl.) Manetti ex Carrière)

Uriguenen zedro espezie bi aurkituko ditugu, hau eta Himalaiakoa. Azikulen edo hostoen luzerari erreparatzen badiogu, honek Himalaiakoak baino laburragoak dituela ikusiko dugu, eta eiteari adituz gero, Himalaiakoaren itxura negartiagoa da Atlaskoarena baino. Baliteke hemendik topatuko dugun hosto urdinxkak dituen beste zedro batek nahastea sortzea, baina Atlasko zedroaren “glauca” barietatea besterik ez da.

Urritik abendura bitartean, behealdeko adarretatik lore maskulinoek polena askatzen dute, eta zuhaitz berean, baina goialdeko adarretan eserita, lore emeetatik upeltxo formako pinaburuak garatuko dira.

Espezie honen jatorria Aljeriako eta Marokoko Atlas mendiak dira, bertan hazten baitira 1.600 eta 2.400 metro arteko altueran, eta benetako basoak sortzen dituzte. Egur bikaina ematen duenez, luxuzko arotzeriarako eta helburu terapeutikoetarako destilatzen diren olioak lortzeko erabiltzen da, eta horrek baso horiek zatitzea eragin du. Horren erruz, gainera, Berberiako makakoaren habitata arriskuan jarri da; izan ere, espezie mehatxatu horren neguko elikadura, neurri handi batean, zuhaitz honen pinaburuen menpe baitago. Atlasko zedroa Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) espezie mehatxatuen zerrenda gorrian arriskuan katalogatutako zuhaitza da.