Mungiako Udalak udalerriko etxebizitzen egoera hobeto ezagutzeko eta benetan hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko ekimen berria jarriko du martxan.
Udalak dituen datuen arabera, Mungian 1.200 etxebizitza inguru daude inor erroldatuta ez dutenak. Hala ere, horrek ez du esan nahi etxebizitza horiek hutsik daudenik, alokatuta egon, bigarren etxebizitza izan edo bestelako egoera batean egon baitaitezke. Horregatik, etxebizitza horien jabeei gutun bat bidaliko zaie, etxebizitza bakoitzaren egoera ezagutu eta udal informazioa eguneratzeko.
Prozesuaren bidez, Udalak benetan hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta jabeei horiek alokairura bideratzeko aukerei buruzko informazioa eskaini nahi die, besteak beste, Bizigune bezalako alokairu bermatuko programa publikoen bidez.
Horrela, Mungiako etxebizitzaren errealitatea hobeto ezagutu eta, benetan hutsik dauden etxebizitzen kasuan, horiek alokairu-merkatura segurtasunez eta bermeekin ateratzeko aukerak erraztu nahi ditu Udalak.