Albisteak

Mungiak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioa hartuko du urriaren 17tik 19ra

Beste urte batez, Mungia 2025eko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko 17. Jaialdia hartuko duen egoitzetako bat izango da. Jaialdi horren helburua gai sozialen inguruan sentsibilizatzea da, munduko toki guztietatik iritsitako ikus-entzunezko piezen bidez. Hitzordua urriaren 17, 18 eta 19an izango da eta sarrera doakoa izango da Torrebillela kultur etxean eskainiko diren 21 emanaldietarako.

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak hausnarketara eta eztabaidara gonbidatzen du gizartea, bere fikzio, dokumental eta animazioko lanekin gizateriaren kausen bozeramaile bihurtu diren komunikatzaileen bitartez. Izan ere, jaialdia urtero egiten da, aniztasunez eta konpromiso sozialez betetako zinema erakusteko. Ezinbesteko hitzordua da garapenerako lankidetzarekin, gizartea eraldatzeko hezkuntzarekin, giza eskubideekin, genero-ekitatearekin, kulturartekotasunarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten gaiak aztertu nahi dituztenentzat. 

Torrebillelako programazioa
Aurten, 21 film eta dokumental proiektatuko dira Torrebillelan, aurreko edizioan baino 5 gehiago. Horrela, urriaren 17an, ostirala, jaialdiaren aurkezpena egingo da eta 19:35etik 21:10era honako lan hauek proiektatuko dira: "Beharrezkoa da", "Ez daukate", "¿Derechos humanos en el salvador?", "Corre, adela", "Free words: a poet from gaza" eta "Antes del litio".

Urriaren 18an, larunbata, 19:30etik 21:00etara, honako film hauek eskainiko dira: "Cala, cala son", "Hogeitabat", "La niña tatuada", "High roads", "Loc sub soare – place under the sun" eta "Utländsk"

Amaitzeko, urriaren 19an, igandea, "Fashion victims 2.0", "Bokeh baraneh", "Misión secreta", "Yo voy conmigo", "Al fresco", "Azkena", "Blood like water", "Solo kim" eta "Guardianas del lago" lanak proiektatuko dira 19:30etik 21:00etara.

Ohi bezala, emanaldi bakarra izango da proiekzio bakoitzeko, eta, saioen ondoren, munduko hainbat lekutatik etorritako pertsona gonbidatuak izango dira (filmen errealizadoreak edo filmen sorkuntzan parte hartu duten pertsonak). Horiekin, galderak egiteko eta ikusitako filmetan islatzen diren gaien inguruko eztabaidarako tarte bat irekitzeko aukera izango da.