Mungiak bere ohiko San Pedro Jaiak berreskuratuko ditu, jente guztiarentzako ekitaldiz eta kontzertuz betetako jai egitarauagaz
Mungiak bere ohiko San Pedro Jaiak berreskuratuko ditu, jente guztiarentzako ekitaldiz eta kontzertuz betetako jai egitarauagaz
- Urte biko pandemiaren ostean, San Pedro jaiak ohiko formatuan ospatuko dira ekainaren 24tik (barikua) uztailaren 3ra (domekea)
- Pregoiak eta txupinazoak emongo deutse hasierea jaiei bagilaren 28an, DIZ-DIZ Mungiako emakumeen alkartearen eskutik, Joseina Etxeberriak girotuta
- Aurtengo jaietako kartela Mila Montes Astigarragak egin dau, eta bozketa bitartez aukeratua izan da lehiaketara aurkeztu ostean.
- Barrakak be Mungiara itzuliko dira aurton eta tren geltoki zaharreko aparkalekuan egongo dira bagilaren 17tik garagarrilaren 5era
Mungian, 2022ko maiatzaren 27an.- Mungiako Udalaren Osoko Bilkurak aho batez onartu dau gaur 2022ko San Pedro jaietako egitaraua, bai eta jaiak iragarriko dituan eta Mila Montes Astigarragak egin dauen kartela be. Urte biko pandemiaren ostean, jaiak ohiko formatuan ospatuko dira barriro, bagilaren 24an, barikuan, hasiko dira eta garagarrilaren 3ra, domekara, arte, iraungo dabe.
Ager Izagirre herriko alkateak azaldu dauen moduan, "gure herriko jaiak berreskuratuko doguz barriro, COVID-19aren pandemia dala eta urte bi jarraian bertan behera geratu ostean. Ilusino handiz eta gure kaleetan giroa berreskuratzeko gogoz. Mungiarrek gozetea merezidu dabe eta Jai Batzordetik hilebeteak daroez beharrean jente guztiarentzako egitarau bikaina eskeintzeko".
Udalbatzak gaur eguerdian onartutako egitarauaren arabera, jaiak martitzenean, bagilaren 28an, hasiko dira, eta domekan, garagarrilaren 3an, ospatuko dan Sukalki Egunera arte iraungo dabe. Jaiak luzatuko diran 10 egunetan zehar jente guztiarentzako jarduerak antolatu dira, horreen artean kontzertuak, lehiaketak, kalejirak, nekazaritza eta artisautza azokak eta beste ugari. Ganera, bagilaren 17an barrakak jarriko dira tren geltoki zaharreko aparkalekuan eta garagarrilaren 5era arte egongo dira bertan.
"Jente guztiari zuzendutako egitaraua herriko alkarteen eta taldeen laguntzari esker prestau ahal izan dogu", adierazo dau Izagirrek.
Holan, bagilaren 24an, barikuan, Linkin Parke eta Sua taldeen kontzertuek alaituko dabe giroa, eta Los Cojones Metal taldeak eta Chill Mafia nafarrek gauza bera egingo dabe hurrengo egunean, zapatuan, hilak 25, egun horretan ospatuko dan mozorro-gauari erritmoa emonez. Ganera, zapatu goizean pizza tailerra egingo da txosna-gunean.
Domekan, Baserritarraren Eguna dala eta, ekintza ugari egingo dira goizean zehar, bai eta nekazaritza azokea, Bizkaiko Betizu ganadu lehiaketea, bertako animalien eta animalia exotikoen erakusketea, artisautza azoka Mungiart Alkartearen eskutik eta bigarren eskuko liburuen salmentea be. Ganera, Zaporeak GKEak (Europara heltzen diran errefuxiatuei janari duina emoten deutsen irabazi-asmorik bako alkartea) stand bat jarriko dau bere xedearen inguruan sentsibilizetako eta informetako. 13:00etan Matxin plazan herri kirolen erakustaldia izango da eta Torrebillela Parkean Betizu ganadu lehiaketaren sari banaketea. Hori guztia Txikuri fanfarreak girotuko dau. 15:00etan mungiarrak txosna-gunean alkartuko dira Mungiberri Kultur Elkarteak antolatutako bazkari herrikoian eta, ostean, Marijata Kultur Elkarteak antolatutako Mus txapelketea jokatzeko. Jaiari amaierea emoteko, herriko hainbat taldek, Alaiak Mungialdeko Soinulari Elkarteak, Gure Ametsa Txistulari Taldeak, J.M Arregi Abesbatzak eta Tantak Koralak kontzertua eskeiniko dabe.
Pregoia eta Txupinazoa
Martitzenean, hilak 28, Txupinazoa eta Pregoia izango dira, aurton DIZ-DIZ Mungiako emakumeen elkartearen eskutik eta Joseina Etxeberriak girotuta. Horren ostean, erraldoiek, dultzainek eta Electricsound fanfarreak bultzatutako giro ona nagusituko da Mungiako kaleetan. Gauean Runaway taldeak Bon Jovi omenduko dau Foruen Plazan eta Oxabik txosna-gunea girotuko dau.
San Pedro eguna
Jaiei izena emoten deutsen San Pedro egunean, bagilaren 29an, eguaztenean, ekintza ugari egongo dira 11:30etatik gauerdira arte.
Goizean zehar, ekintzak umeei zuzenduta egongo dira batez be, besteak beste, kalejira, aurton barritasun moduan egun bakarraren ordez bi egunez jarriko dan umeen-parkea, eta txu-txu trena. Trenak 11:30ean egingo dau lehenengo urteerea udaletxetik.
12:00etan meza nagusia egingo da Andra Mari eleizan, eta horren ostean Taket Mungiako Bertso Eskolak antolatutako bertso saioa.
12:00etatik aurrera pintxo-potea egingo da txosna-gunean eta 13:00etan ohorezko aurreskua Juan XXIII plazan. Ondoren kalejira erraldoi, dultzaina eta trikitilariakaz eta esku pilota partiduak izango dira.
20:00etatik aurrera, musikak Mungiako txoko guztiak hartuko ditu barriro, Artistas del gremio Fanfarriagaz, Puro Relajo talde nafarrak ekarriko dituen soinu mexikarrakaz Foruen plazan eta txosna-gunean egongo dan Lehian erromeriagaz. Aldi berean, baina Matxin plazan, Amilotx Dantza Taldeak eta Oreka TXk "Lur Hau Gurea" ikuskizuna eskeiniko dabe, Mikel Markez eta Andrea Bidarten laguntzeagaz
San Pedrotxu eguna
Jai giroak hurrengo egunean, bagilaren 30ean, jarraituko dau. 11:30etik aurrera San Pedrotxu ospatuko da. Eguna Gure Ametsa Txistulari Taldeak hasiko dau eta umeentzako parkea egongo da. Ganera, Matxin Plazan arituko den Los Cinco Bilbainos taldeak eta Los Incansables fanfarreak giroa alaituko dabe 12:30etik aurrera Mungiako kaleetan zehar.
17:00etan, ohiko tortilla lehiaketea egingo da, Mungia Saskibaloi Taldeak antolatuta. Horren ostean, familia osoari zuzendutako Zoomba eta Diskofestea egingo dira Uriguen parkean, eta Buhos & ETSren kontzertua Foruen plazan.
Nagusien Eguna
San Pedro 2022ko bigarren asteburua, txosna-gunean egingo dan bazkari herrikoiak inaugurauko dau, barikuan, garagarrilaren 1ean, 15:00etan. 18:00etatik aurrera musika egongo da herri osoan, elektrotxaranga batetik hasita, bertsolariak kalez-kale jarraituz eta Foruen plazan egongo dan I love 80' kontzertuagaz amaituta. Txosna-gunean TOC & Wicked Wizard arituko da. Ganera, zirku-ikuskizuna egingo da Matxin plazan Orain-bi zirko konpainiaren eskutik, eta Torrebillela Kultur Etxean Gorabide Elkarteak antolatutako erakusketea egongo da.
Hurrengo egunean, garagarrilaren 2an, zapatuan, Nagusien Eguna ospatuko da eta goizetik hasita ekintzak egongo dira: meza San Pedro parrokian 12:00etan eta dantza erakustaldia txosna-gunean. 13:00etan Matxin plazan Tio Teronen Semeak-en "Freshcool" dantza ikuskizuna egongo da, eta 14:30ean herriko adinekoek bazkaria eta erromeria izango dabe Roberto eta Idoiaren eskutik. Arratsaldeko ekitaldiak 16:00etan hasiko dira street basket txapelketetagaz, ostean talo tailerra 17:00etan eta 19:00etan dantza erakustaldia. Amaitzeko, Egan eta Skabidean musika taldeek kontzertuak eskeiniko ditue, lehenengoak Foruen plazan eta bigarrenak txosna-gunean
Sukalki Eguna eta jaien amaierea
Domekan, garagarrilaren 3an, Mungia Rugby Taldeak Sukalki Eguna antolatuko dau, Mungiako Gure Ametsa Txistulari Taldeak, Roberto eta Idoiaren trikitixak eta Txikuri fanfarreak alaituta.
22:00etan jaien amaierea etorriko da Lorratz erromeriagaz Foruen plazan eta, 24:00etan mungiarrak udaletxearen aurrean alkartuko dira Marijata agurtzeko eta zapiak erretako.