Albisteak

Mungia Hiria Saria futbol txapelketa jokatuko da larunbat honetan

Mungiak futbolarekin hitzordua izango du irailaren 12an. Mungia Hiria Saria futbol txapelketa 17:00etan jokatuko da Legardako futbol zelaian, C.D. Mungiak antolatuta.

Jardunaldiak futbola eta kirola izango ditu protagonista, eta herritarrei txapelketara gerturatu eta taldeei animoak emateko gonbita egiten zaie.

📅 Irailaren 12a, larunbata
17:00
📍 Legardako futbol zelaia

Olalde aretoak udazkeneko denboraldiari ekingo dio zinema eta kultur programazioarekin

Olalde aretoak denboraldi berria abiatuko du datozen hilabeteetarako prestatutako zinema eta kultura eskaintza zabalarekin. Irailaren 18tik aurrera, zinema bueltatuko da aretora, eta aldi berean, Laster Olalden programazio kulturalaren barruan urrian eta azaroan egingo diren ikuskizunetarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Iraileko zinema-programazioak publiko guztientzako proposamenak jasoko ditu. Besteak beste, Un plan perfecto, Tadeo Jones y la lámpara maravillosa, La bola negra eta Minion & Monsters filmak izango dira ikusgai hilabete honetan zehar.

Horrez gain, Laster Olalden egitasmoak hainbat kultur proposamen ekarriko ditu udazkenean, hala nola dantza ikuskizunak, antzerkia, kontzertuak eta publiko ezberdinei zuzendutako beste hainbat jarduera.

Urrian, programazioak “Alai familian” haurrentzako dantza ikuskizuna, “Loreen hizkuntza” antzerki lana eta Porrotx eta Marimototsen “Zerua lapurtu dute” ikuskizuna jasoko ditu.

Azaroan, berriz, Bengo artistaren kontzertua eta Antzerki Laburraren Egunaren IV. edizioa izango dira Olalde aretoan, azken hori Mungiako Antzerkizaleen Elkarteak (MAE) antolatuta.

Sarrerak aurrez eros daitezke www.kutxabank.es webgunean. Zinema-sarrerak, berriz, olaldearetoa.sacatuentrada.es atarian eta Olalde aretoan bertan eskuratu ahal izango dira, zinema dagoen ordutegietan.