Albisteak

Mungiako Udalak herrian euskararen erabilera sustatzeko apustua indartzen jarrraitzen du, Plan Estrategiko berria onartuta (2025-2029)

Mungiako Udalak aho batez onartu du "Mungian Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025-2029", gaur goizean egindako Osoko Bilkuran. Plan horren helburua datozen bost urteetan herri mailan euskararen erabilera indartzeko markoa ezartzea da. 

Plana diseinatu duen Aholku Batzarrak  (Euskaraldiaren Talde Eragileko kide batzuk ere tartean direla) iturri bitatik edan du egungo estrategia diseinatzeko eta lantzeko: batetik, aurreko planaren eta 2022ko euskara-foroen ondorioetatik, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak onartutako AROA marko estrategiko berritik. 

Euskera arlotik nabarmendu dutenez, orain arte planen ahalegin gehienak erabilera indartzera bideratu dira, hau da, mungiarren bizitzako eguneroko esparruak euskalduntzera. "Baina erabilera handitzeko, ezinbestekoak dira jarrerak eta ezagutza lantzea, bai eta horiei eutsiko dien euskarri on bat ere, hau da, gobernantza-eredu eta sostengu teknikoa (berrikuntza)" adierazi du Idurre Urresti Mungiako Udaleko Euskara zinegotziak. Ildo beretik, honako hau gaineratu du: "Plan berri honen helburua mugimendua sortzea da, ardatz horien arteko elkarreraginaren bidez, normalizazio prozesuan aurrera egiten lagunduko diguna". 

Horrela, gaur onartu den herri mailako plan berri honen bidez eta iazko irailean onartutako  udal barruko planaren bidez, euskararen sustapenak datozen bost urteetan Mungian izango duen joko-zelaia ezarri da. "Mungian Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025-2029" dokumentua eskuragarri dago udalaren webgunean.