Albisteak

Mungia Hiria Saria futbol txapelketa jokatuko da larunbat honetan

Mungiak futbolarekin hitzordua izango du irailaren 12an. Mungia Hiria Saria futbol txapelketa 17:00etan jokatuko da Legardako futbol zelaian, C.D. Mungiak antolatuta.

Jardunaldiak futbola eta kirola izango ditu protagonista, eta herritarrei txapelketara gerturatu eta taldeei animoak emateko gonbita egiten zaie.

📅 Irailaren 12a, larunbata
17:00
📍 Legardako futbol zelaia

Mungiako Udalak emakumeentzako espazio berri bat martxan jarriko du

Mungiako Udala, Berdintasun Arloaren bitartez, Diz Diz Emakumeen Kultur Elkartearekin batera lanean ari da herriko emakumeei zuzendutako espazio berri bat martxan jartzeko.

Etorkizuneko espazioa Errota udal eraikinean kokatuko da eta topagunerako, parte-hartzerako, ahalduntzerako eta elkarlanerako erreferentziazko gunea izatea izango du helburu.

Proiektua hasierako fasean dago gaur egun, eta Mungiako emakumeek udalerrian berdintasunaren inguruan dituzten behar eta aukeren inguruan egindako hausnarketa-prozesu baten emaitza da. Ekimen honen bidez, Udalak beste urrats bat eman nahi du berdintasunaren aldeko konpromisoan eta emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze aktiboa sustatzen duten politikak bultzatzeko lanean.

Espazio berri honen sorrera ez da soilik azpiegitura bat sortzea izango, baizik eta prozesu partekatu baten bidez definituko den gune bat eraikitzea. Horretarako, Diz Diz elkartearekin batera lan egingo da, etorkizuneko espazioak zein zerbitzu eta jarduera eskainiko dituen, zein erabilera izango dituen eta Mungiako emakumeen beharrei nola erantzun ahal izango dien zehazteko.

Helburua da espazio ireki, hurbil eta erabilgarri bat sortzea, emakumeen arteko sareak indartzeko, parte-hartzea sustatzeko, ezagutza partekatzeko eta berdintasunaren eta ahalduntzearen inguruko ekimen berriak bultzatzeko.

Mungiako Udalak Diz Diz elkartearekin elkarlanean jarraituko du datozen faseetan, eta aurrerago emango ditu proiektuaren garapenari, martxan jartzeari eta programazioari buruzko xehetasun gehiago.