Albisteak

MUNGIA KIROLA HOBETZEN

Mungiak jarduera fisikoa eta kirol osasungarria bultzatzen ditu 4 eta 8 urte bitarteko umeen hezkuntza prozesu integralaren barruan, Kirola...

Mungiak jarduera fisikoa eta kirol osasungarria bultzatzen ditu 4 eta 8 urte bitarteko umeen hezkuntza prozesu integralaren barruan, Kirola Hobetzen programaren bidez

 

  • Kirol bakarraren aurreko pausu lez kirol-jarduera anitza bultzatzeko guraso-alkarteek egindako eskariari erantzuteko sortu da programea
  • Jokabide sedentarioak murriztea, jarduera fisiko osasungarriaren mailea handitzea, balioetan oinarritutako hezkuntza bultzatzea eta kirol-jardueragazko atxikimendua sustatzea bilatzen da

 

Mungian, 2022ko maiatzaren 26an.- 2021-2022 ikasturtearen hasieran Mungiako Udalak udalerriko ikastetxeetako INTERAMPAS alkarteagaz eta Kirol Kluben Munegane alkarteagaz batera bultzatutako Kirola Hobetzen programak 2021-2022 ikasturtean herriko 4 eta 8 urte bitarteko umeen artean jarduera fisikoa eta kirol osasungarria sustatzea lortu dau.

 

Nagore Torre Mungiako Kirol Zinegotziak azaldu dauenez, "Kirola Hobetzen laguntza eta aholkularitza tekniko gida moduan sortu zan, Mungiako 4-8 urte bitarteko neskato-mutikoentzako Jarduera Fisikoa eta Kirola sustatzeko programak gauzatzeko jarduerak antolatzen dituen eragileentzat. Gai hori ikastetxeetako gurasoen alkarteetatik eskatu euskuen, eta guk erantzun egin deutsagu".

 

Kirola Hobetzen ekimenak helburu honeek ditu: hezkuntza-prozesu integralerako beharrezkoak diran garapen motorraren, kognitiboaren eta sozioafektiboaren oinarriak eregitea; jokabide sedentarioak gitxitzea eta jarduera fisiko osasungarriaren mailea handitzea; aniztasunari erantzutea balioetan hezteko (dibertsitate funtzionala, kulturartekotasuna, parekotasuna); euskerea normalizetako eta euskal kulturea hedatzeko tresna izatea; eta kirola eta jarduera fisiko osasungarria egiteko atxikimendua sustatzea.

 

Programea ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da. Ebidentzia horreen erakusten dabenez, kirol bakarra egitearen aurreko pausu lez hainbat kirol-jarduera egiteak hobekuntzak sortzen ditu osasunean, garapenean, errendimenduan eta sozializazinoan.

 

Kirola egitea osasun-ohitura moduan

2021-2022 ikasturte honetan, 4 eta 8 urte bitarteko umeakaz hasi gara eskolako kirol-instalazinoetan, ingurune nagusi moduan. Inpresinoak oso positiboak dira. Ikasleak eskola-kiroleko etapa honeetarako prestetea da helburua. Motibatzailea izatea eta engantxetea gura dogu", Mungiako kirol Zinegotziak azaldu dauenez.

 

Horretarako, honeek lantzen ari dira: egoera fisikoa garatzea, osasunerako ohitura lez kirola egitea bultzatzea eta jarduera inklusiboak sustatzea, familien inplikazinoagaz eta Mungiako kirol-alkarteakaz lankidetzan arituta, txiki-txikitatik.

 

"Jarduera ludikoak, aktiboak, malguak, parte-hartzaileak, integratzaileak, hurbilekoak, motibatzaileak, umeek euren autonomia pertsonala, gorputz-pertzepzinoa eta oinarrizko mobimendu-trebetasunak eta osasun-ohiturak eskura daiezan", Nagore Torrek zehaztu dauenez.