Mungiako Udalak Baliabideen Gida berri bat argitaratuko du laster, munduko beste leku batzuetatik udalerrira iritsi diren pertsonei zuzendua, haien integrazioa errazteko eta herrian egiten dituzten lehen urratsetarako informazio erabilgarria eskaintzeko.
"Mungia herri ireki eta abegikorra da. Munduko hainbat txokotatik hona bizitzera etorri zareten guztioi ongi etorri zuen etxe berrira, Mungia guztion artean eraiki genuen ", adierazi du Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak.
Gida bisuala, eskuragarria eta ulerterraza izan dadin diseinatu da. Bertan, osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, kultura, euskara ikastea edo atzerritartasunarekin lotutako izapideei buruzko informazio praktikoa bilduko da.
Irisgarritasuna bermatzeko, argitalpena sei hizkuntzatan egongo da eskuragarri: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta wolof. Gainera, formatu digitalean zein paperean kontsultatu ahal izango da.
Ekimen honen bidez, Mungiako Udalak harrerarekin, gizarteratzearekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa indartzen du, udalerria bere bizi-proiektua garatzeko aukeratzen duten pertsona guztiak lehenengo egunetik komunitatearen parte senti daitezen erraztuz.
Udaletik espero da gida hau tresna erabilgarri eta hurbila bihurtzea, herritar berriei udalerriaren bizitzan integratzeko eta parte hartzeko prozesuan laguntzeko.