Mungiako Udalak izurriteen kontrolerako zerbitzu integrala mantentzen du udalerrian, prebentzioa eta urtean zehar sortzen diren gorabeherei emandako erantzuna uztartuz. Zerbitzuak arratoien eta intsektuen kontrola, udal eraikinen desinfekzio, desintsektazio eta desratizazioa eta usoen populazioaren jarraipena hartzen ditu barne.
Zerbitzuaren ardatz nagusietako bat prebentziozko jarduketa planifikatua da. Arratoien kontrolari dagokionez, udalerria lau eremutan banatuta dago eta hileroko prebentzio-tratamenduak egiten dira, urtean zehar bi jarduketa intentsiborekin osatuta. Halaber, aldian-aldian estolderia-sarea ikuskatzen da, egoera anormalak garaiz antzemateko.
Hala ere, zerbitzua ez da programatutako jardueretara mugatzen. Herritarrek, udal zentroetako langileek edo udal teknikariek arratoien, labezomorroen edo zerbitzuarekin lotutako beste gorabeheraren baten berri ematen dutenean, abisua enpresa arduradunari helarazten zaio egoera aztertu eta, beharrezkoa denean, dagokion esku-hartzea egiteko. Premiazkotzat jotzen diren abisuak gehienez 24 orduko epean artatzen dira.
Horri esker, prebentziozko plangintza urte osoan zehar sor daitezkeen egoera puntualei erantzuteko gaitasunarekin osatzen da. Azken txosten teknikoaren arabera, desratizazio zerbitzua, oro har, gorabehera esanguratsurik gabe ari da garatzen. Hilerri zaharraren inguruan berriki atzemandako arratoi kopuru handiagoari aurre egiteko jarduketa egin zen, eta egoera lehengoratzea lortu da.
Intsektuen aurkako kontrola eta udal eraikinen jarraipena
Intsektu arrastakarien kontrolari dagokionez, urtean sei desintsektazio-tratamendu egiten dira. Apiriletik irailera hileroko jarduketak egiten dira, eta apirilean eta abuztuan tratamenduak indartzen dira, intsektuen presentzia handiagoa izaten den garaiak direlako. Horrez gain, urteko edozein unetan jasotzen diren abisu puntualak ere artatzen dira.
Zerbitzuak 20 udal eraikinen jarraipena ere barne hartzen du. Instalazio horietan aldizkako ikuskapenak egiten dira, eraikin bakoitzaren erabileraren arabera egokitutako maiztasunarekin. Kirol instalazioetan kontrolak bi hilean behin egiten dira eta ikastetxeetan, irailetik ekainera, hilero.
Usoen populazioaren kontrola ere urte osoan egiten da. Horretarako, harrapaketa-kaiolak erabiltzen dira eta astean bitan ikuskatzen dira, haien egoera kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta harrapatutako aleak behar bezala kudeatzeko.
Herritarren laguntza, prebentziorako garrantzitsua
Izurriteen prebentzioan herritarren eta jabeen erkidegoen laguntza ere garrantzitsua da. Udalak espazio publikoan egiten dituen jarduketak eraikin eta gune pribatuetan beharrezko mantentze- eta prebentzio-neurriekin osatu behar dira.
Era berean, espazio publikoetan janari-hondarrak edo animalientzako elikagaiak kontrolik gabe ez uztea gomendatzen da, horiek karraskarien eta intsektuen presentzia erraztu baitezakete.
Mungiako Udalak prebentzioan, aldizkako jarraipenean eta abisuei emandako erantzunean oinarritutako zerbitzuarekin jarraituko du, izurriteen agerpena prebenitzeko eta udalerrian sortzen diren gorabeherei ahalik eta azkarren erantzuteko.