Albisteak

Torrebillela parkea eta Gamiz bidea lotzen dituen zubia hobetzeko lanak amaitzen ari da Mungiako Udala

Mungiako Udala Torrebillela parkea eta Gamiz bidea lotzen dituen zubia hobetzeko eta mantentzeko lanak amaitzen ari da. Zubia uztailaren 20tik dago itxita oinezkoentzat, segurtasun-arrazoiengatik. Itxi zenetik, Udala etengabe aritu da lanean zubia egokitzeko eta oinezkoentzako pasabidea ahalik eta lasterren berriro ireki ahal izateko. Egitura egoera onean zegoela egiaztatu ondoren, ez da beharrezkoa izan zubia osorik berritzea, eta lanak osatzen duten elementuen kontserbazioan eta hobekuntzan oinarritu dira. Zehazki, egurrezko eta burdinezko egiturari tratamendu berezia eman zaio eta margotze-lanak egiten ari dira. Era berean, egoera txarrean zeuden barandako oholak ordezkatu dira, eta pasabidearen gainazala osatzen duten egurrezko ohol guztiak berrituko dira. Azken lan horiek amaitutakoan, zubia datozen egunetan berriro irekiko da oinezkoentzat, Torrebillela parkeko ibilbide hau segurtasun-baldintza egokietan berriro erabilgarri jarriz. Udalerriko 16 zubiren ikuskapena Bestalde, Mungiako Udalak udalerriko 16 zubi ikuskatzeko zerbitzua kontratatzeko prozesua jarri du martxan, haien kontserbazio-egoera ezagutzeko, izan daitezkeen gabeziak antzemateko eta azpiegitura horien segurtasuna bermatzeko. Jarduketa Mungiako ibai-sare zabalari erantzuten dio; Butroe ibaiak eta erreka ugarik osatzen dute sare hori, eta horrek ezaugarri, material, antzinatasun eta erabilera mota desberdinetako zubi ugari izatea dakar udalerrian. Zerbitzuak 42.592 euroko aurrekontua izango du eta, besteak beste, azpiegitura bakoitzaren aurretiazko azterketa, planoen altxamendua, tokian bertako ikuskapen bisuala eta dagozkion txosten teknikoen idazketa jasoko ditu. Kontratua esleitu ondoren, hiru hilabeteko epea ezarriko da ikuskapenak egiteko. Horien emaitzei esker, egon daitezkeen gorabeherak edo beharrak antzeman eta beharrezko mantentze- edo konponketa-lanak planifikatu ahal izango dira. Ekimen honen bidez, Mungiako Udalak udal azpiegituren ikuskapena eta kontserbazioa indartzen ditu, izan daitezkeen gabeziei aurrea hartzeko eta haien segurtasuna eta egoera ona bermatzeko.