Albisteak

Atxurik Kofradi Jaiak ospatuko ditu abuztuaren 15etik 18ra, tradizioz eta herri-jarduerez beteriko egitarauarekin

  • Musika, gastronomia eta auzotarren arteko topaketak izango dira Atxuriko jaien ardatz nagusiak

Atxuri auzoak Kofradi Jaiak ospatuko ditu abuztuaren 15etik 18ra. Lau eguneko egitarauak adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak bilduko ditu, tradizioa, gastronomia eta jai-giroa uztartuz.

Jaiak abuztuaren 15ean, larunbatean, hasiko dira, 10:30ean, Peru Azurmendiren oroimenezko kadete mailako ohiko txirrindularitza-probarekin. 14:00etan, berriz, jaien hasiera ofiziala izango da Landetxon, txupinazoarekin eta trikipoteoarekin.

Arratsaldean, Uriguen parkean tortilla txapelketa eta haurrentzako jolasak egingo dira. Ondoren, tortillen aurkezpena eta sari-banaketa izango dira, eta eguna erromeriarekin eta txokolatadarekin amaituko da.

Abuztuaren 16an, igandean, egitaraua 09:00etan hasiko da, bigarren eskuko azokarekin. Ondoren, 11:00etan, meza egingo da San Martin ermitan, eta 11:30ean Atxuriko Eskotak, Amilotx Dantza Taldearekin batera, Mungiako kaleak girotuko ditu. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, mus, tute eta briska txapelketak, sardina-jana eta beste hainbat jarduera izango dira.

Abuztuaren 17an, astelehenean, 12:00etan hasiko da eguna San Martin ermitan egingo den mezarekin, auzoan hildako pertsonen oroimenez. 18:00etatik aurrera, gastronomiak hartuko du protagonismoa, XXI. Arroz Esne Lehiaketarekin eta herri-parrilladarekin. Eguna amaitzeko, “Duo Alai” taldearen erromeriaz gozatzeko aukera izango da.

Jaien azken egunean, abuztuaren 18an, auzotarren arteko topaketak eta herri-jarduerak izango dira protagonista. Egitarauak auzoko pertsona bati egingo zaion omenaldia, ohiko herri-bazkaria, herri kantak eta DJ saioa jasotzen ditu, besteak beste. Halaber, Bingo Mundiala, txikienentzako puzgarriak, diskofesta eta txokolatada ere izango dira.

Mungiako Udalak eskerrak eman nahi dizkio Benardo Deuna Atxuriko Auzokideen Elkarteari jai hauek antolatzeko egindako lanagatik eta Atxuri auzoko komunitatea, parte-hartzea eta tradizioak indartzeko egiten duen ekarpenagatik.