Albisteak

Mungiako Udalak abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea modu seguruan behatzeko gomendioak gogorarazi ditu

Herritarrei eklipsea gertuko leku batetik behatzea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta homologatutako betaurrekoak soilik erabiltzea gomendatzen zaie.

Abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipsea dela eta, Mungiako Udalak Eusko Jaurlaritzak fenomenoa modu seguruan behatzeko zabaldutako prebentzio- eta segurtasun-gomendioak gogorarazi nahi dizkie herritarrei.

Eklipsea Euskadi osoan izango da ikusgai, arratsaldeko 19:30 ingurutik aurrera, eta unerik gorena 20:30 inguruan izango da. Fenomeno berezia izango den arren, eguzkiari zuzenean eta babes egokirik gabe begiratzeak begietan kalte larriak eta iraunkorrak eragin ditzake.

Egun horretarako aurreikusten diren joan-etorri eta pertsona-pilaketak eta muturreko tenperatura altuen abisu horia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana alerta-fasean aktibatuko du 15:00etatik aurrera. Neurri horri esker, egoeraren etengabeko jarraipena egin eta erakundeen eta larrialdi-zerbitzuen arteko koordinazioa indartu ahal izango da.

Era berean, eklipsea norbera dagoen herrian edo gertuko leku batetik ikustea eta beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea gomendatzen da. Joan behar izanez gero, bidaia aldez aurretik planifikatzea, garaiz iristea eta itzulera mailakatzea gomendatzen da.

Segurtasun-neurri nagusiak

EZ BEGIRATU ZUZENEAN EGUZKIRA

Ez da inoiz eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta Ilargiak eguzkia partzialki estaltzen duenean ere. Eguzki-erradiazioak erretinan kalte larriak eta itzulezinak eragin ditzake.

ERABILI HOMOLOGATUTAKO BETAURREKOAK

Eklipsea zuzenean behatzeko, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutako eguzki-behaketarako betaurreko bereziak soilik erabili behar dira. Eguzkitako betaurreko arruntek ez dute balio, ezta erradiografiek, kristal ketuek, argazki-negatiboek, CDek edo DVDek ere.

Betaurrekoak erabili aurretik egoera onean daudela egiaztatu behar da eta fabrikatzailearen jarraibideak bete. Babes homologatua erabilita ere, ez da gomendatzen eguzkiari 45 segundo baino gehiago jarraian begiratzea.

KONTUZ PRISMATIKO, TELESKOPIO ETA KAMEREKIN

Ez dira prismatikoak, teleskopioak edo kamerak erabili behar tresnaren aurrealdean behar bezala jarritako eguzki-iragazki homologaturik gabe.

ARRETA BEREZIA HAURREKIN ETA PERTSONA ZAURGARRIEKIN

Haurrak une oro heldu baten gainbegiradapean egon behar dira, eta babes-betaurrekoak behar bezala erabiltzen dituztela ziurtatu behar da.

Mugikortasunari buruzko gomendioak

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du eklipsea amaitu ondoren trafiko-intentsitate handia egotea. Horregatik:

  • Debekatuta dago ibilgailua bazterbidean gelditzea eklipsea ikusteko.

  • Ibilgailua aldez aurretik leku seguru eta trafikotik urrun batean aparkatu behar da.

  • Ez da eguzkiari begiratu behar, ezta eklipserako betaurrekoak erabili ere, gidatzen ari den bitartean.

  • Ez da argazkirik edo bideorik egin behar martxan dagoen bitartean.

  • Agenteen jarraibideak une oro bete behar dira.

Gainera, 7.500 kilogramotik gorako ibilgailu astunen zirkulazioa mugatuta egongo da Euskadiko errepide-sare osoan 17:00etatik 23:59ra.

Beroaren aurrean ere, zuhurtzia

Asteazkenerako tenperatura altuak aurreikusten direnez eta pertsona askok denbora luzea eman dezaketenez aire zabalean, ura maiz edatea, eguzkitako krema erabiltzea, burua estaltzea eta ahal den neurrian itzalguneak bilatzea gomendatzen da.

Arreta berezia jarri behar da haur, adineko eta beroaren aurrean bereziki zaurgarriak diren pertsonekin.

Mungiako Udalak herritarrei dei egiten die fenomeno astronomiko berezi honetaz arduraz eta segurtasunez gozatzeko, eta une oro Eusko Jaurlaritzak, larrialdi-zerbitzuek eta segurtasun-zerbitzuek emandako jarraibideak betetzeko.