Albisteak

Mungiako Udalak Foruen abolizioaren 150 eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta mozioa onartu du

EAJ-PNVk eta EH Bilduk batera aurkeztutako ekimenak bi udal taldeen aldeko botoak jaso zituen, PSOEren aurkako botoarekin eta gainerako udal taldeen abstentzioarekin.

Mungiako Udalbatzak Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta aurkeztutako mozioa onartu du. Testuak bi efemerideen garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen du, eta udalerriek Euskal Herriaren historian eta autogobernuaren eraikuntza demokratikoan izan duten eginkizuna balioan jartzen du.

Mozioak gogorarazten du 1876ko foru-araubidearen abolizioak inflexio-puntu bat ekarri zuela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat, eta, aldi berean, euskal lurralde guztietan eskubide historikoen galeraren testuingurua azaltzen du. Era berean, 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren ondarea aldarrikatzen du, eskubide historikoen, udal tradizio demokratikoaren eta autogobernuaren alde egindako ekarpena nabarmenduz.

Onartutako akordioen artean, Mungiako Udalak bat egiten du datorren uztailaren 19an Bergaran egingo den ekitaldi politiko-instituzionalarekin. Ekitaldi horren helburua Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzea, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzea eta Euskal Herriaren eskubide historikoekiko konpromisoa berritzea izango da.