Albisteak

Mungiak “SU BIZIA!” piztuko du San Juan gaua eta Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena ospatzeko

Mungiak hitzordu berezia du kulturarekin datorren ekainaren 23an. “SU BIZIA! San Juan Gaua Mungia, 2026” ekimenak San Juan gauaren indar sinbolikoa, kale arteen ikusgarritasuna, herritarren parte-hartzea eta Deabru Beltzak konpainiaren 30. urteurrena batuko ditu arratsaldetik iluntzera arteko ospakizun batean.

Mungiako Udalak eta Deabru Beltzak konpainiak antolatutako ekimena izango da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Helburua ez da San Juan gauaren inguruko egitarau bat eskaintzea soilik, Mungia, egun batez, kultur sorkuntzaren, tradizio berrituaren eta kale arteen erreferentziazko gune bihurtzea baizik..

“SU BIZIA!” izenak berak jasotzen du ekimenaren espiritua: sua ez da elementu ikusgarri hutsa izango, komunitatea biltzeko, herria aktibatzeko eta tradizioa gaur egungo sormenetik berrirakurtzeko tresna sinbolikoa baizik. . Gau berezi horretan, Udako solstizioaren eta San Juan gauaren inguruko iruditeria kale arteekin, musikarekin, dantzarekin, bertsoarekin eta pirotekniaren artearekin uztartuko da.

Mungiako alkateak, Alaitz Erkorekak, nabarmendu duenez, ekimenak herria bera jartzen du ospakizunaren erdigunean: “Ekainaren 23an Mungiak sua piztuko du, baina batez ere herria piztuko du: kalean, elkarrekin eta kulturaren bidez. ‘SU BIZIA!’ herritarrentzat eta herritarrekin pentsatutako ospakizuna da, San Juan gauaren tradizioa gaur egungo kultur sorkuntzarekin lotuko duena”.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, proiektuaren balio kulturala eta lurralde ikuspegia azpimarratu ditu: “Kale arteek kultura herritarrengana modu zuzenean eramateko gaitasun handia dute. ‘SU BIZIA!’ bezalako proiektuek erakusten dute kultura ez dela soilik programazioa: lurraldea aktibatzeko, komunitatea biltzeko eta sorkuntza garaikidea espazio publikora eramateko tresna indartsua da”.

Deabru Beltzak konpainiaren zuzendaria den Garbitxuk, berriz, urteurrenaren dimentsio artistikoa jarri du erdigunean: “Guretzat 30 urte betetzea ez da atzera begiratzeko unea bakarrik; berriro kalea hartzeko, sua pizteko eta jendearekin batera ospatzeko aukera da. ‘SU BIZIA!’ ospakizun berezia izango da: akelarrea, kalea, musika, piroteknia eta herritarren energia elkartuko dituen gaua”.

 

 

Deabru Beltzak-en 30 urteko sugarra

“SU BIZIA!”k esanahi berezia izango du Deabru Beltzak konpainiarentzat. Bilboko konpainiak 30 urteko ibilbidea ospatuko du San Juan gauean, kalea bere espazio natural gisa aldarrikatuz.

Hiru hamarkadatan zehar, Deabru Beltzak-ek sua, erritmoa, mugimendua, piroteknia eta kale antzerkiaren indarra erabili ditu publikoarekin harreman zuzena sortzeko. Oraingoan, urteurrena herriarekin eta herritarren aurrean ospatuko du, “Akelarre” aren unibertsoarekin lotutako proposamen berezi batekin.

Ikuskizun nagusian, Deabru Beltzak-ez gain, Mungiako Udal dantza eskolaren eta Taket Mungiako Bertso Eskolaren partehartzea ere izango du, eta musika, piroteknia, akerraren pizte magikoa eta bertso bidezko agurra uztartuko ditu.

 

Arratsaldetik gauera: herri osoa aktibatuko duen egitaraua

“SU BIZIA!” arratsaldean hasiko da, familiei eta publiko zabalari zuzendutako jarduerekin, eta gauak aurrera egin ahala, izaera ikusgarriagoa eta erritualagoa hartuko du Jaiak.

18:00etatik aurrera · Familientzako tailerrak eta jolasak

Egitaraua 18:00etan hasiko da Matxin plazan, familientzako tailer eta jolasekin. Bertan izango dira Zirkozaurre Taldea eta Kalaka egurrezko jolasak; haurrek, familiek eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Arratsaldeko lehen zati horrek ospakizunaren izaera herritarra eta parte-hartzailea indartuko ditu: kalea jolaserako, topaketarako eta sormenerako espazio bihurtuko da.

21:00 · Dantza bertikala udaletxeko fatxadan

Iluntzean, begiradak Udaletxeko fatxadara zuzenduko dira. Dimegaz / Janire Etxabe arduratuko da dantza bertikaleko emanaldiaz, eraikinaren arkitektura bera eszenatoki bihurtuz.

Ikuskizun horrek espazio publikoaren beste erabilera bat proposatuko du: herritarrek egunero ikusten duten fatxada esperientzia kultural ikusgarri baten parte bihurtuko da.

21:15 – 22:00 · Kalejira

Ondoren, 21:15ean, kalejira abiatuko da udaletxetik Uriguen parkera. Herriko eta lurraldeko musika eta dantza eragileek giroa berotuko dute, San Juan gauaren ospakizuna kaleetan zehar zabaltzeko.

Kalejiran parte hartuko dute:

● Bizkaiko Gaiteroak

● Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskola

● Gure Ametsa Txistulari Taldea

● Alaiak Mungiako Soinulari Elkartea

Kalejirak egitarauaren lehen zati parte-hartzailea eta gaueko ikuskizun nagusiaren arteko zubilana egingo du, herritarrak ospakizunaren bihotzera eramanez.

 

21:30etik aurrera · Txokolatea banatuko da

21:30etik aurrera, giroa berotzeko, urtero lez, txokolatea banatuko da. Une horrek ospakizunaren dimentsio komunitarioa azpimarratuko du: sua, gaua eta kultura ez ezik, elkarrekin egoteko eta partekatzeko unea ere izango da.

22:00 – 22:30 · SU BIZIA!

Gaueko atal nagusia Uriguen parkean garatuko da, “SU BIZIA!”ren espazioan. Bertan, malabar argidunak, koreografia, dantza eta pebeteroaren piztea uztartuko dira.

Atal horretan parte hartuko dute Mungiako Udal Musikak eta Dantza Eskolak eta bestelako ekintza eszenikoek, sua eta mugimendua uztartuz. Ospakizunak izaera erritualagoa hartuko du, San Juan gauaren sinbolismoarekin bat eginez.

22:15 – 22:30 · Ikuskizuna / performancea

22:15ean, Markeliñe Taldeak eta Orain Bi Taldeak performance berezia eskainiko dute. Bi talde horien parte-hartzeak kale antzerkiaren eta sorkuntza eszenikoaren presentzia indartuko du, “SU BIZIA!”ren dimentsio artistikoa zabalduz.

22:30 – 22:45 · Deabru Beltzak + Taket Mungiako Bertso Eskola

Gaueko une nagusia 22:30ean iritsiko da. Deabru Beltzak eta Taket Mungiako Bertso Eskola elkartuko dira 30. urteurrenaren ospakizun berezirako.

Ikuskizunak musika, piroteknia eta akerraren pizte magikoa uztartuko ditu, eta ekitaldiaren amaieran agurra bertsoen bidez egingo da. Horrela, Deabru Beltzak-en unibertso eszenikoa eta bertsoaren ahozko tradizioa elkartuko dira, San Juan gauari amaiera berezia emateko.

22:45 · Erromeria

Eguna erromeriarekin amaituko da, Musika Eskolako trikitilariekin.. Amaierako une horrek jaia herritarren esku utziko du: dantzarako, eta elkarrekin ospatzeko momentua izango da.

 

Tradizioa, sorkuntza garaikidea eta komunitatea

“SU BIZIA!” ez da begiratzeko soilik pentsatutako ekitaldia. Herritarrek parte hartzeko, kalean ospatzeko, musikarekin eta dantzarekin bat egiteko eta San Juan gaua modu kolektiboan bizitzeko gonbita da.

Ekimenak hiru elementu nagusi uztartzen ditu:

● Tradizioa, San Juan gauaren eta udako solstizioaren sinbolismoaren bidez.

● Sorkuntza garaikidea, kale arteen, dantzaren, performancearen, malabarren eta pirotekniaren bidez.

● Komunitatea, herriko talde, eragile, familia eta herritarren parte-hartzearen bidez.

Horregatik, “SU BIZIA!”k Mungia kultur ospakizun handi baten erdigunean kokatuko du: herritik sortua, herriarentzat pentsatua eta Bizkaiko publikoari irekia.

 

Parte hartuko duten talde eta eragileak

Ekainaren 23ko egitarauan honako talde eta eragileek parte hartuko dute:

● Deabru Beltzak

● Taket Mungiako Bertso Eskola

● Zirkozaurre Taldea

● Kalaka egurrezko jolasak

● Dimegaz / Janire Etxabe

● Bizkaiko Gaiteroak

● Mungiako Udal Musika eta Dantza Eskola

● Gure Ametsa Txistulari Taldea

● Alaiak Mungiako Soinulari Elkartea

● Markeliñe Taldea

● Orain Bi Taldea

● Musika Eskolako trikitilariak

 

Informazio praktikoa

Data: 2026ko ekainaren 23a Lekua: Mungia Ordutegia: 18:00etatik aurrera Izen ofiziala: SU BIZIA! Deskriptorea: San Juan Gaua Mungia 2026 Antolatzaileak: Mungiako Udala eta Deabru Beltzak Laguntzaileak: Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritz