Inkesta online betetzeko esteka: https://l1nq.com/zs977u1
Mungiako Udalak urrats berri bat eman du auzokide beteranoenen ongizatearekiko konpromisoan, "Mungia Lagunkoia" programaren bigarren zikloa abiarazteko. Ekimen hau 2019an abiatu zen, eta bere helburu nagusia zahartze aktiboa sustatzea eta adinekoen bizi-baldintzak optimizatzea da, udalerriko espazioak, zerbitzuak eta egiturak egokituz, ingurune guztiz lagunkoia, inklusiboa eta irisgarria izan dadin.
Fase berri honi hasiera emateko, ezinbestekoa da diagnostiko parte-hartzaile berri bat egitea, Mungiako erradiografia soziala eguneratzeko eta udalerriak azken urteotan izan duen bilakaera antzemateko. Horretarako, Udalak ikerketa sozialeko hainbat teknika erabiliko ditu (talde fokalak, foroak...), eta horien artean lagunkoitasunari buruzko galdetegi bat abiaraztea nabarmentzen da.
Neurriak martxan jartzeko hobekuntzak detektatzea
Inkesta hau Mungiak adinekoekin duen lagunkoitasun-mailari buruz herritarrek duten iritzia zuzenean ezagutzeko diseinatuta dago. Erantzunen bidez, eremu publikoan, garraioan, etxebizitzan, parte-hartze sozialean edo errespetua eta inklusioa bezalako esparruetan hobekuntza-arloak eta behar zehatzak detektatu nahi dira. Bildutako datuak funtsezko oinarria izango dira etorkizuneko udal neurri eta ekintzak diseinatu eta ezartzeko.
Uztailaren 12ra arte zabalik
Galdetegia oso erraza eta azkarra da erantzuteko. Udalak dei berezia egiten die herritar guztiei, eta bereziki 60 urtetik gorako pertsonei, haien eguneroko bizipenak eta esperientziak funtsezkoak baitira programak arrakasta izan dezan.
Galdetegia eskuragarri dago jada, eta bi bidetatik bete daiteke:
· Online: QR kode baten bidez. Kode hori eraikin publikoetan eta kaleetan zehar banatutako karteletan jarri da, baita udalaren whastsapp zerbitzuaren bidez zabaldu den esteka bat ere, Udalaren webgunean eta sare sozialetan.
· Paperean: Galdetegi fisikoak Herritarren Arretarako Zerbitzuan, anbulatorioan, Nagusien Txokoan, Torrebillela Kultur Etxean eta Gizarte Zerbitzuen Mungialdeko Mankomunitatean jaso eta utz daitezke.
Parte hartzeko eta herritarren ahotsa entzunarazteko epea uztailaren 12ra arte egongo da zabalik.
"Mungiak bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko herri izaten jarraitzea nahi dugu, gure adinekoek ekarpenak egin, gozatu eta behar guztiak beteta izan ditzaten. Galdetegi hau zer funtzionatzen duen eta zer hobetu behar dugun esateko tresna da ", adierazi dute Udaletik.
Informazio gehiagorako edo elkarrizketak kudeatzeko:
Mungiako Udaleko Gizarte Ekintza Saila Posta elektronikoa: gizartekintza@mungia.eus
Telefonoa: 94.655.87.14