Albisteak

Mungiak 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketa fasea ireki du

Mungiako Udalak 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren fasea ireki du, proiektu finalisten bozketa prozesuari dagokiona. Datorren ekainaren 4ra arte, udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, Mungia hobetzen jarraitzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten ekimenak aukeratuz.

Parte-hartze prozesu horren bidez, Udalak 200.000 euro bideratuko ditu herritarren babes handiena lortzen duten proiektuak garatzera. Ekimenaren helburua da herritarrek zuzenean parte har dezaten sustatzen jarraitzea, bai udal-erabakiak hartzerakoan, bai udalerriarentzat interesgarriak diren jarduerak zehazterakoan.

Hauek dira bozketa fase honetara igaro diren sei proposamen finalistak:

  • Ibai ondoko pasealekua berreskuratzea, Atxurizubi inguruan.
  • Torrebillela jarduera-parkea (2. fasea).
  • Olalde: antzokiko ekitaldi aretoa (2. fasea).
  • Kiroldegiko gimnasioko makinak berritzea.
  • TAO jartzeko APPa.
  • Euskarazko baliabide digitalen azoka.

Parte-hartzaile bakoitzak proposamen guztiak puntuatu beharko ditu, balorazioa errepikatu gabe, eta 6 puntu emango dizkio lehentasun handienekotzat jotzen duen proiektuari, eta puntu 1 lehentasun txikienekoari.

Udalak hainbat bide jarri ditu herritarren parte-hartzea errazteko. Bozketa online egin ahal izango da, udalaren www.mungia.eus webgunearen bidez (https://partehartu.bitarbask.org/) edo informazio kanpainan sartutako QR kodearen bidez. Era berean, aurrez aurre ere bozkatu ahal izango da, HAZko, kiroldegiko eta Behargintzako hautestontzien bidez, bai eta udalerriko hainbat tokitan banatutako postontzien bidez ere.

Gainera, hainbat egunez karpa bat jarriko da Matxin plazan, prozesua herritarrei hurbiltzeko eta parte hartzea errazteko. Karpa maiatzaren 29an eta 30ean egongo da eskuragarri, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Udalak mungiarrak animatu nahi ditu Aurrekontu Parte-hartzaileen fase berri honetan aktiboki parte hartzera eta herriaren eraikuntzan eta hobekuntzan euren alea jartzera.