Mungiako Udalak, energia aurrezteko ohitura iraunkorrak sustatzeko asmoz, energia aurrezteko kitak mailegatzeko zerbitzua jarriko du martxan apiriletik aurrera. Zerbitzu hori doakoa izango da, eta herritarrek beren etxeetan energia-eraginkortasuna hobetzeko tresnak eskuratu ahal izango dituzte.
Udalak 4 kit izango ditu herritarrei mailegatzeko, eta kit bakoitzak honako tresna hauek izango ditu: hozkailurako termometroa, ihes termikoen detektagailua, tenperatura eta hezetasun neurgailua, plug-in energiaren neurgailua, erradiadoreetarako giltza eta dutxarako kronometroa. Gainera, kit bakoitzak materialak erabiltzeko moduari eta energia aurrezteko neurriei buruzko jarraibideak izango ditu.
Energia aurrezteko kitak Mungian erroldatuta dauden eta 18 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude. Eskaerak maiatza eta iraila bitartean egin ahal izango dira. Interesdunek Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) egin beharko dute eskaera. HAZean, eskaera-inprimaki bat bete beharko dute, eta Udaleko teknikariek hitzordua emango diete kita entregatzeko eta haren funtzionamendua azaltzeko. Kitak etxeetan erabili ahal izango dira bi asteko epean, eta, ondoren, Udala eskatzaileekin harremanetan jarriko da itzulketa koordinatzeko.
Eskaera egiteko eta informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek HAZera jo dezakete edo udalarekin harremanetan jarri tokikoagenda@mungia.eus helbide elektronikoaren bidez.