Mungiako Udalak, Mungiako Merkatarien eta Ostalarien Elkartearekin elkarlanean, Musikaz Blai programaren edizio berri bat jarri du abian kontzertu ibiltarien programa zabalarekin.
Lehenengo emanaldiak maiatzaren 8, 15 eta 22an izango dira eta aurreko edizioetan bezala, helburua zuzeneko musika herritarrei hurbiltzea eta jarduera sozial eta ekonomikoa sustatzea da.
Rockalean taldeak emango die hasiera Udaberriko kontzertuei. Maiatzaren 8an, ostirala, 20:00etatik aurrera Aita Elorriaga, Arana Goiri 'tar Sabin eta Iturribarriondo kaleak animatuko ditu taldeak. Maiatzaren 15ean, Mariatxiak, Foruen Plazan eta San Pedro plazan, eta Kittu, Lauaxeta Olerkari kalean egongo dira. Zikloak maiatzaren 22an jarraituko du; Skapaie, Landetxo, Intxausti Eresgile eta Usandizaga Eresgile kaleetan, eta Tolin, San Kristobal Plazan eta Torrebillela parkean izanik
Udagoienean, emanaldi gehiagorekin, herriko gainontzeko kaleak animatzen jarraituko du Udalak.
Ekimen hau "Mungia Indartzen" programaren barruan kokatzen da. Programa 2020an sortu zen udalerriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak suspertzeko helburuarekin, eta Udalak mantendu egiten du tokiko negozioei laguntzen jarraitzeko. Ildo horretan, Mungialdeko Behargintzako presidente den Bakarne Egiak nabarmendu duenez, "helburua tokiko ekonomia suspertzea da, laguntza eta inbertsio ekonomikoei lotutako ekimenen bidez, hala nola, programa honen bidez edota udagoienean martxan jarriko den Mungibonoaren edizio berri baten bidez, Mungiako merkataritzaren sektorea dinamizatzeko helburuarekin", eta "gure esku dagoen guztia ematen jarraitu nahi dugu, gure udalerriaren pultsu ekonomiko eta soziala mantentzeko".
Musikaz Blai programarekin, Udalak Mungiaren dinamizazio kultural eta ekonomikoarekin duen konpromisoa indartzen du, kalean topaguneak sortuz eta tokiko jarduera babestuz.