Albisteak

Mungia Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana egiten hasi da, eredu seguruagoa, irisgarriagoa eta ingurunea errespetatzen duena lortzeko

Mungiako Udalak abian jarri ditu Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) egiteko lanak. Plan honen helburu nagusia izango da hiri-desplazamendurako modu iraunkorragoak ezartzea; hain zuzen ere, bateragarri egiteko hazkunde ekonomikoa, gizarte-kohesioa eta ingurumenaren defentsa, eta, horrela, herritarren bizi-kalitate hobea bermatzeko.

 

Gaur egun, ibilgailu pribatuaren erabilera oso handia da, neurri batean etxebizitza, lan eta zerbitzuen eremuak bereizi dituen hiri-hazkundeagatik. Egoera horrek areagotu egin du autoarekiko mendekotasuna eta lurraldearen zatiketa. Testuinguru horren aurrean, Udalak alternatiba iraunkorragoak sustatzearen aldeko apustua egin du, hala nola oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egindako joan-etorriak.

 

HMJPrekin hurrengoa lortu nahi da, besteak beste: trafikoaren emisioak eta zarata murriztea, bide-segurtasuna hobetzea, edozein pertsona eroso eta seguru mugitzeko aukera ematea, garraio publikoa bultzatzea, abiadura mugatuko guneak sortzea, oinezkoentzako ibilbideak hobetzea eta udalerria hobeto lotuko duen bizikleta-eraztuna garatzea.

 

Planak aparkalekuaren kudeaketa ere jorratuko du, egoiliarren, saltokien eta zerbitzuen beharrei erantzuteko eta mugikortasun ordenatuagoa errazteko.

 

Prozesua hainbat fasetan garatuko da, egungo egoeraren azterketatik hasi eta azken dokumentua onartu arte.

 

Prozesu osoan zehar, herritarren parte-hartzea sustatuko da, iritziak, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko topaketa irekiekin. Hasteko, apirilaren 28an, Torrebillelan, 18:30ean, prozesuaren aurkezpena egingo da. Topaketa honen helburua herritarrei HMJParen hasierari, helburuei, faseei eta parte hartzeko mekanismoei buruzko informazioa ematea da.

Prozesuari buruz gehiago jakiteko, udaleko web-orrian atal berezi bat sortu da: https://www.mungia.eus/eu/hiri-mugikortasun-jasangarrirako-plana


 

Ekimen honen bidez, Udalak iraunkortasunarekin, gizarte-kohesioarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa indartzen du, indarrean dagoen araudiaren ildotik. HMJPA funtsezko tresna izango da udalerri bizigarriagoa, irisgarriagoa eta etorkizunerako prestatuagoa eraikitzeko.