Mungiako Udalak Atxurizubi inguruan txakur-parke berri bat egiteko lanak hasi ditu. Proiektu hori zuzenean aukeratu dute mungiarrek, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barruan. Txakurren eta haien zaintzaileen aisialdirako espazio egoki eta segurua eskaintzera bideratutako herritarren eskaerari erantzuten dio jarduera honek.
Txakur-parke berria Atxurizubi kalean kokatuko da, Atxuriko errekastoaren ondoan. Esparruaren perimetroa itxiko da, bide publikotik sartzeko ate bat jarriko da, eta hiri-altzariak jarriko dira, erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.
Zehazki, espazio horrek 1,5 metroko altuera izango duen perimetro-hesi bat, sarbide-ate bat, bankuak, paperontziak eta esparruaren erabilera-arauak zehaztuko dituen informazio-kartel bat izango ditu. Txakur parkearen azalera 310 metro koadrokoa izango da, gutxi gorabehera.
Obren iraupena gutxi gorabehera bi hilabetekoa izango da, eta udalak 9.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du proiektu honetarako. Gainera, Mungiako Udalak bigarren txakur-parke bat jartzea aurreikusten du lehen jarduketa hori amaitutakoan, udalerrian maskotentzako espazioen sarea indartzeko.
Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, "txakur-parke honek argi erakusten du herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez egindako eta hautatutako proposamenak Mungiako egunerokoa hobetzen duten benetako proiektu bihurtzen direla. Lanean jarraitzen dugu espazio publikoa gero eta irisgarriagoa, atseginagoa eta denontzat pentsatuagoa izan dadin".
Ekimen honen bidez, Mungiako Udalak berretsi egiten du espazio publikoak eta herritarren bizikidetza hobetzeko konpromisoa, lagun egiteko animaliak dituzten pertsonen beharrei erantzunez eta udalerriko berdeguneen erabilera ordenatua eta arduratsua sustatuz.