Albisteak

2026ko San Pedro jaietako Jai Batzordea osatzeko izena emateko epea zabalik

Lagun agurgarriak:

Dakizuenez, 2010ean onartu zan Jai Batzordearen Eraketa eta Funtzionamendua arautzen dituan Araudia eta 2025 urtean aldaketa txiki bat egin zitzaion. Araudian agertzen danez, Batzorde hori urtero barriztuko da, hau da, urte horretarako San Pedro jaiak amaitu ostean desegingo da, desegin aurretik jaien antolaketaren eta datu ekonomikoen ganeko balantze bat aurkeztuta. 2025etik, ganera, alkarte bakoitzak ordezkaria eta haren ordezkoa aurkeztuko ditu.

Hori dela eta, gutun honen bidez, gonbidatu egiten zaituegu zuen hautagaitza aurkeztu daizuen 2026ko San Pedro jaiak antolatuko dituan Jai Batzordeko partaide izateko.

Jai Batzordea, zer da?

Alkateak emondako dekretu baten bidez izendatutako lan-taldea da. Urtero berriztuko dan lan-talde hori ondokoek osatuko dabe: Mungiako Udaleko zinegotziek, teknikariek eta herriko alkarteetako kideek (talde horreek legez egon beharko dabe eratuta eta Udaleko Alkarteen Erregistroan inskribatuta).

Jai Batzordearen egitekoa San Pedro Jaietako egitaraua osatzea izango da.

Nortzuk izango dira Jai Batzordeko kideak?

Kultura Alkateordea. Bera izango da Presidentea. Botazinoren baten bardinketa gertatzen bada, bere esku egongo da erabagia.

Gazteria eta Gizarte ekintza zinegotzia.

Kiroletako zinegotzia.

Hirigintzako zinegotzia.

Kultur, kirol eta gizarte arloko alkarteetako hamabi ordezkari:

Kultur alkarteetako ordezkari bi.

Gizarte arloko alkarteetako ordezkari bi.

Kirol alkarteetako ordezkari bi.

Gizarte alkarteetako ordezkari bi.

Jubilatuen alkarteko ordezkari bat.

Gurasoen alkarteetako ordezkari bat.

Merkatari eta ostalarien alkarteko ordezkari bat.

Txosnen alkarteko ordezkari bat.

Aurreko horrez ganera, ondoko teknikariak bere batzordekide izango dira (berba egiteko bai baina botorik emoteko aukerarik izango ez daben arren): Mungiako Udaleko Koordinazino teknikaria, Kulturako Zuzendaria, Kiroletako Zuzendaria, animatzaile soziokulturala eta Gazteria eta Dinamizazio teknikaria. Teknikari horreen artean aukeratuko dau Presidenteak nor izango dan idazkaria eta nor idazkariaren ordezkoa.

Gai puntualetarako aholkularitza behar izan ezkero, Udaleko zinegotziek eta teknikariek bere hartu ahal izango dabe parte eta Udalak azpikontratatuta dituen enpresak baina ezingo dabe botorik emon.

Kideak proposatzeko epea

Jai Batzordean parte hartzeko eskaria egoitza elektroniko bitartez egin beharko da 2026ko urtarrilaren 31rako.

Oraingoan bere, arteragokoetan lez, zuon laguntza izatea gurako genuke Mungia apunrka-apurka herri bartehartzaileagoa eta dinamikoagoa bihurtu daiten. Jai Batzorde hau ere herritarren partehartzea bideratzeko tresna eraginkorra izatea espero dogu, hausnarketarako beste gune batzuetatik egindako proposamenak osatzen eta herria hobetzen lagunduko deuskun elementua.

Mungia guztion artean egiten dogu-eta.