Albisteak

BBK-k eta Kultibak “BBK Landa Eremu Art” ekimenaren hirugarren edizioa abiarazi dute Mungian, Itxaso Diaz zinemagileak zuzendutako proiektu artistiko komunitario batekin

BBK-k eta Kultibak “BBK Landa Eremu Art” proiektuaren hirugarren edizioa jarri dute abian. Proiektuak Bizkaiko landa-guneen berrikuntza eta eraldaketa soziala sustatu nahi ditu, elkarlaneko esku-hartze artistikoen bidez.

 

Ekimena gaur aurkeztu da prentsaurreko batean, eta bertan parte hartu dute BBK-ko Kultura, Familia eta Adinekoen koordinatzaile Koldo Bilbaok, Kultibako kultura-bitartekari Alex Ygartuak, Mungiako alkate Alaitz Erkorekak eta Itxaso Diaz zinemagileak, proiektu artistikoa herrian egiteko hirugarren deialdian aukeratua izan denak.

Itxaso Diazek, “BBK Landa Eremu Art” programarako aurkeztu duen proposamenean, ikus-entzunezko prozesu bat diseinatu eta garatu nahi du Mungiako landa-aldeko pertsona eta kolektiboekin elkarlanean. «Helburu nagusia da sorkuntza eta hausnarketa kolektiborako gune bat sortzea, parte-hartzaileen ahotsak, kezkak, bizipenak eta ezagutzak ardatz gisa hartuta», zehaztu du aurkezpenean. Metodologiaren oinarrian, Itxaso Diazek ikus-entzunezko tailer kolaboratiboak ematen duen esperientzia zabala dago, bertako eta nazioarteko gizarte- eta lurralde-testuinguruetan aritu baita.

Prozesua datozen asteetan hasiko da, eta, lehenik, parte hartuko duen taldea prestatu, eta landu beharreko gaia hautatuko da taldean. Aurkezpena datorren ostegunean, irailak 25, arratsaldeko zazpietan izango da Mungiako Udaletxeko erakusketa aretoan. «Ikuspegi horren bidez, bermatu nahi da amaierako ikus-entzunezko kontakizunak benetan isla ditzan hura eraikitzen dutenen interesak, testuinguruak eta sentsibilitateak», azaldu dute prentsaurrekoan. Horren ondoren, ikerketa, grabazio eta edizio kolektiboko prozesua egongo da, eta azken emaitza bideo-formatuan gauzatu, eta 2026ko erdialdean aurkeztuko da.

Mungiako errealitatea

Artistak aitortu du «ilusio berezia» duela proiektu honekin, kidetasun profesionala baitu «BBK Landa Eremu Art» proiektuaren helburuekin. Era berean, nabarmendu du lotura pertsonalak dituela Mungiarekin, eta, horiei esker, aukera izan duela «ingurunea, erritmoak eta jendea ezagutzeko», eta horrek gogoa piztu diola «ikus-entzunezkoen bidez errealitate horiek ikusarazi eta partekatzeko».

Bere ustez, «artea tresna indartsua izan daiteke prozesu komunitarioak abiarazi, ezagutza kokatua sortu eta sare soziala indartzeko», eta proposatzen du «bere esperientzia Mungiako dinamika kulturalekin bateratzea, bertan bizi diren pertsonei entzunez eta haiengandik ikasiz».

BBK Landa Eremu Art: eraldaketa soziala, kultura garaikidearen bidez

“BBK Landa Eremu Art” proiektuak «ikaskuntzako esperientzia bat egin nahi du prozesu artistikoari eta haren emaitza eraldatzaileei buruz, praktika artistiko garaikideen ezagutza jorratuz», adierazi du BBK-k.

 

Edizio bakoitzean Bizkaiko landa-gune bat aukeratu, eta kultura-erronka desberdin bat proposatzen da, testuingurura eta udalerrira egokituta. Praktikan, inguruko pertsonek eta kolektiboek parte hartzen dute, eta garatu beharreko proiektua asmatzen dute, artista batekin batera.

Bizkaiko landa-eremuko sorkuntza artistikorako “BBK Landa Eremu Art Deialdiaren” bidez aukeratzen da artista, eta 6.000 €-ko zuzkidura du (sorkuntza artistikoa ekoizteko gastuak alde batera utzita).

Horrela, “BBK Landa Eremu Art” berrikuntzako laborategien zirkuitu ibiltari gisa eratzen da, eta kultura garaikidea balioesten du, gizartea eraldatzeko eta kohesionatzeko funtsezko elementu gisa. Halaber, sarbidea erraztu nahi die gune horietan bizi diren pertsonei, egungo sorkuntza eta landa-ingurunea harremanetan jarriz, arte bisualen, zinemaren, musikaren, literaturaren eta arte eszenikoen bidez.

“BBK Landa Eremu Art” proiektuaren lehen edizioa 2023an egin zen, Zallan, Asier Pérez artistarekin. 2024an, Pablo Astrain muralgileak gidatu zuen esku-hartze artistikoa Erandion.

Hortaz, proiektua bat dator 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH), lagungarria baita hirikoak ez diren komunitateetan garapen jasangarria eta inklusiboa bultzatzeko.

Itxaso Diaz (Gallarta, Bizkaia, 1974)

Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte eta Teknologian doktoregaia Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean.

Zinemagilea, dokumentalista eta ikus-entzunezko komisarioa da, eta bizi-istorioen diseinuan, narratiban eta ikus-entzunezkoaren alfabetizazioan espezializatuta dago. Azken dokumentaletan, gai sozialak jorratu ditu, generoarekin, zahartzearekin eta dibertsitate funtzionalarekin lotuta.

2004. urteaz geroztik, kultura-kudeaketan ere aritzen da, ikus-entzunezkoak erakusteko proiektuak diseinatuz, koordinatuz eta komisariotzaz arduratuz. 2017tik LAN Langile Gaien Zinemaldia zuzentzen eta koordinatzen du.

Informazio gehiago: https://landaeremuart.com/