Mungiako Udalak hitzarmen bat sinatu du Karmelo Etxegarai kalean jabetza-erregimeneko Babes Publikoko 60 Etxebizitza (BOE) promozio berri bat sustatzeko. Ekimen honek udalerriaren erronka handienetako bati erantzuten dio: etxebizitza eskuratzeko aukerari eta Mungiako gazteen etorkizunari.
“Hilabeteak daramatzagu lanean gure bizilagunei eta guri kezkatzen gaituzten bi gairi irtenbidea emateko: etxebizitzari eta gazteriari", adierazi du Alaitz Erkoreka alkateak. Proiektu honen esku udal-titulartasuneko lurzorua jartzen dugu, gure lehentasunetako bat bultzatzeko: gazteak emantzipatu ahal izatea eta beren herrian bizi-proiektua gauzatzea. Horregatik, etxebizitzen % 50 36 urtetik beherakoentzat gorde ditugu. Mungiaren etorkizuna ziurtatu nahi dugu ".
Etxegarai Etxebizitzak izeneko promozioa honako hauek biltzen ditu:
• Logela bateko 3 etxebizitza.
• 2 logelako 30 etxebizitza, horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta.
• 3 logelako 27 etxebizitza.
Etxebizitza bakoitzak garaje-plaza bat eta trasteleku bat izango ditu.
Kalitate eta eraginkortasun energetikoko etxebizitzak
Etxebizitzek fatxada aireztatu zeramikoak izango dituzte, eta aerotermia-sistemak izango dituzte ur sanitarioa berotzeko, plaka fotovoltaikoz lagunduta. Gainera, aireztapen-sistemak izango dituzte eta akustikari, argiztapenari eta isolamendu termikoari buruzko araudi zorrotzak beteko dituzte, espazio bizigarriak, zabalak eta egokituak bermatuz.
Interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
• Adin nagusikoa izatea edo legez emantzipatuta egotea.
• Mungian etengabe erroldatuta egotea azken 15 urteetako 10etan.
• 12.000 €eta 45.022,57 € bitarteko urteko diru-sarrera haztatuak egiaztatzea.
• Jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean beste etxebizitzarik ez izatea, edo araudi autonomikoan jasotako etxebizitza-premiako egoeraren batean ez egotea.
Halaber, ezarritako irizpideen arabera, etxebizitzak honako talde hauen arabera esleituko dira:
• 1. taldea: Ezintasuna eta mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonak (3 etxebizitza).
• 2. taldea: 36 urtetik beherako pertsonak (etxebizitzen % 50 – 30 etxebizitza).
• 3. taldea: baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsonak.
Izena emateko epea uztailaren 14tik irailaren 26ra izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero eta izena emateko, interesdunek Iturburu Inmobiliariara jo dezakete (Elorduigoitia kalea 5), 946 741 979 zenbakira deitu edo iturburu@iturburu-inmobiliaria.com helbidera idatziz.