Albisteak

Mungiak inauteriak ospatuko ditu otsailaren 28tik martxoaren 4ra, "Zirkua" protagonista izanda eta Basatosteren irteera klasikoarekin

Mungia jaiez jantziko da asteburu honetan, otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitartean inauteriak ospatzeko. Hala, Mungiako Udalak, herriko hainbat kolektiborekin elkarlanean, jai-egitarau zabala antolatu du herriko kaleak mozorroz, musikaz eta giro onez betetzeko. 

"Ez dut zalantzarik, Mungiako kaleak mozorro originalez beteko dira, eta herritarrek antolatutako jarduerez gozatuko dute. Herri osoa inauterietako protagonista sentitzea eta ekimen hauetan parte hartzeko aukera izatea nahi dugu", nabarmendu du Idurre Urresti Mungiako Udaleko Kultura zinegotziak. 

Horrela, aurtengo programazioak askotariko jarduera parte-hartzaileak biltzen ditu. Egitaraua otsailaren 28an hasiko da, arratsaldeko 18:30etan, Amilotx Dantza Taldeak antolatutako "Euskal Inauterietako Dantzen Kalejira"-rekin. Kalejira amaitu ondoren, "Euskal Inauterietako Dantzak" ikuskizuna eskainiko dute 19:15ak aldera Foruen plazan. Ondoren, leku berean, Lorratz erromeriaren txanda izango da.

Larunbatean, 13:00etan, "Txaranga txorongo" fanfarrearekin hasiko dira ekitaldiak. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, "Insects" Euskal Pizkunde etorbidetik abiatuko da Mungiar kaleak girotzen jarraitzeko. 18:30ean, Foruen plazan, Alex eta Lorea DJ diskofestaz gozatzeko aukera izango da, 20:00etan hasiko den mozorro lehiaketari hasiera emanez. 22:00ak aldera, Oihan Vega DJak animatuko du Foruen plaza eta amaiera emango dio jardunaldiari.

Mozorro-lehiaketak
Martxoaren 1ean, larunbata, mozorro lehiaketak egingo dira herritarrentzat orokorrean eta "Ostalariak Inauterietan” lehiaketaren IX. edizioa. Lehenengoa, 20:00etan hasiko da Foruen plazan, "zirkua" protagonista dela. Sari ugari banatuko dira eta irabazleak 250 euroko bonua jasoko du herriko establezimenduetan gastatzeko, eta bigarrenak eta hirugarrenak 200 eta 150 eurokoa, hurrenez hurren. Gainera, photocallean argazki bat ateratzeak 100 euro arteko saria izango du herriko dendetan gastatzeko. Lehiaketan parte hartzeko izen-emateak otsailaren 28ra arte daude zabalik Gaztegunean.

Bestalde, 21:00etan, ostalariek ere "Ostalariak Inauterietan" ekimenaren IX. edizioa ospatuko dute. Kasu horretan, 500 €-ko lau sari egongo dira establezimendu irabazlearentzat, 400 € bigarrenarentzat, 300 € hirugarrenarentzat eta 200 € laugarren postuan geratzen den establezimenduarentzat. "Fanfare MR Team" taldea arduratuko da parte hartuko duten establezimenduen inguruak girotzeaz, gaueko 21:00etatik aurrera: Elordui, El Rincón de Xime, Erlantz, Ez Esan Inori, Izarra, Korrontzi, Landetxo, Ramontxu barria, Urgoiti eta Uyarra.

Basatosteko urtekerea eta hamaiketako solidarioa
Martxoaren 2an, igandea, Basatosteko urtekerea klasikoaren txanda izango da. Tallu Mendizale Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako ekimen hau Euskal Pizkunde etorbidetik aterako da 09:30ean eta 10 kilometro inguruko ibilbidea egingo du landa-bideetan zehar.

Hamaiketako solidario klasikoaz gozatzeko aukera ere izango da, 2 euroko prezioan. Azpimarratzekoa da biltzen den diru guztia "Bihotzez" Sortzetiko Kardiopatia Elkartera bideratuko dela. 13:00ak aldera, hau da, itzultzean, Udal Musika eta Dantza Eskolaren emanaldiaz gozatu ahal izango dugu. Ekitaldiaren amaieran mungiarrek parte hartu ahal izango dute Lantzeko Inauteria, Fandango, Jauziak eta Arin-Arin dantzatuz.

Inauteriei buruzko programazioa martxoaren 4an amaituko da haurrentzako zirku tailer batekin 16:30ean Matxin plazan, eta "Dantzjolas Jaia" jarduerarekin 17:30etik aurrera Foruen plazan.