Albisteak

Argiteria publikoa egokitzeko lanak amaitu dira, energia-eraginkortasuna hobetzeko

Mungiako Udalak amaitu ditu ikasturte honetako argiteria publikoa egokitzeko lanak. Jarduera honen helburua herriko eraginkortasun energetikoa hobetzen jarraitzea izan da, herriko puntu batzuetako argiteriaren ordez LED argiztapena erabiltzen duten sistemak jarriz. Lan horietarako, Udalak 138.124,24 euroko inbertsioa egin du (BEZik gabe).

Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak, honako hau adierazi du: "jarduketa hauen helburua argiztapen-instalazioak hobetzea izan da, lehendik zeuden argi-puntuen ordez led motako beste batzuk jarriz, eta horrek eraginkortasun energetikoa hobetzea dakar. Horrela, espero dezagun energia 21.386,48€ inguru aurreztea, eta, aldi berean, argi-kutsadura murriztea".

Bi fasetan egin diren lanak izan dira: lehenengoan, ekainean, guztira 41 proiektagailu ordezkatu ziren Andra Maritik Jon XXIII plazaraino, baita Beko kaletik elizara eta Torrebillela parkera argiztatzen dutenak ere.

Hurrengo fasean, uztailean eta abuztuan egin dena eta duela gutxi amaitu dena, herriko kale eta auzo batzuetako farolak LED motako beste batzuengatik aldatu dira. Bigarren jarduketa hau Atxuri auzoan egin da, non 109 argi ordezkatu diren (errepideak argiztatzen dituzten farola altuak); Txirro bidean, 26 (kaleko farola baxuak); eta, Garraketa inguruan, 51 (kaleko 31 farola baxu, errepideko 10 farola altu eta arkupeetako edo fatxadetako 10).