Mungiako Udalak Trobikako pasabidea berritzeko lanak hasi ditu, Garbiguneko errekaren gainean dagoen oinezkoentzako konexio hori azpiegitura berri, seguruago, irisgarriago eta iraunkorrago baten bidez berreskuratzeko helburuarekin.
Egungo pasabidea itxita egon da oinezkoentzako zirkulaziorako duela bi urtetik gora, haren egiturak zuen narriadura handiaren ondorioz. Egindako azterketa teknikoek ondorioztatu zuten azpiegituraren hainbat elementutan izandako kalteek egitura osoa ordezkatzea eskatzen zutela, erabilera-baldintza seguruak bermatzeko.
Jarduketak 104.000 eurotik gorako inbertsioa izango du, eta egungo zurezko egitura ordezkatuko duen gutxi gorabehera 12 metroko luzerako pasabide berria eraikitzea aurreikusten du. Azpiegitura berriak eraikuntza-soluzio sendoagoa eta egungo beharretara egokitua izango du, pasabidearen segurtasuna eta iraunkortasuna hobetuz.
Lanek bi hilabeteko iraupena izango dute aurreikuspenen arabera. Gaur bertan, obra-eremua mugatzeko eta ingurunearen segurtasuna bermatzeko hesiak jarri dira. Datorren astean, berriz, lurzorua egokitzeko aurretiazko lanak hasiko dira; besteak beste, esku-hartze eremua prestatuko da eta inguruko landarediaren inausketa selektiboa egingo da.
Lan hauen hasiera hainbat izapidek baldintzatu dute, pasabidea ibai-ibilgu baten gainean kokatuta dagoelako eta URAren beharrezko baimenak lortu behar izan direlako. Prozesu horrek hasieran aurreikusitako epeak luzatu ditu.
Aurreikuspenak betetzen badira, pasabide berria azaroaren amaierarako amaituta egongo da, eta herritarrek oinezkoentzako konexio hori berriro erabili ahal izango dute segurtasun-baldintza egokietan.
Gainera, Mungiako Udalak udal azpiegituren kontserbazio eta mantentze-lanekiko duen konpromisoaren barruan, udalerriko 16 zubiren egoera aztertzeko ikuskapen zerbitzua ere abiatu du, 42.592 euroko aurrekontuarekin. Helburua da izan daitezkeen gabeziak antzematea eta etorkizuneko hobekuntza-jarduketak planifikatzea.