Mungiako lehen Alkarteen Feria bihar, irailaren 12an, egingo da Matxin Plazan. Guztira, 23 elkartek parte hartuko dute, herriko elkarte-sarearen aniztasuna erakusteko eta euren jarduera, proiektu eta eguneroko lana herritarrei gertutik ezagutarazteko.
Goizean zehar, gainera, jarduera ugari izango dira, adin eta interes desberdinetako herritarrei zuzenduta. Horrela, 10:00etan Gure Ametsa Txistulari Taldearen diana eta Mungiako Merkatari eta Ostalarien Elkartearen ginkana hasiko dira. 10:30ean, Diz-Diz Emakumeen Kultur Elkarteak irakurketa dramatizatua eskainiko du eta Haizetara Elkarteak memoria ibilbidea egingo du.
11:00etatik aurrera, Cimungia, Senmungi eta Zuekin Mungialdeak jolasak eta tailerrak egingo dituzte, eta MSK Hockey Taldeak patinak probatzeko aukera eskainiko du. 11:30ean Haizetararen bigarren memoria ibilbidea izango da.
Egitarauak aurrera jarraituko du 12:30ean, Butroi Bizirik-ekin udalerriko espazio naturaletara egingo den bisita gidatuarekin. 13:00etan MAE – Mungialdeko Antzerkizale Elkartearen inprobisazioak izango dira, eta 13:30ean Diz-Diz Emakumeen Kultur Elkartearen dantza ikuskizunak emango dio amaiera programari.
Alkarteen Feria Mungiako Aurrekontu Parte-hartzaileetatik sortutako ekimena da, eta herriko elkarte-sarea indartzea du helburu. Horretarako, elkarteen arteko harremanak sustatzeaz gain, herritarrei aukera emango die Mungian urte osoan egiten duten lana ezagutzeko eta hainbat jardueratan parte hartzeko.
Parte hartuko duten elkarteak: Amilotx Mungiako Dantza Taldea, Andando y Hablando, Babes Zibila Mungia, Bitxikiak Bildumazaleen Elkartea, Butroi Bizirik, Cimungia – Asociación Ciudadanos del Mundo, Danontzat Jubiladu eta Pentsiodunen Elkartea, Diz-Diz Emakumeen Kultur Elkartea, Gorabide Mungialde Elkartea, Gure Ametsa Txistulari Taldea, Haizetara Elkartea, Larramendi Ikastola Kooperatiba Elkartea, MAE – Mungialdeko Antzerkizale Elkartea, MSK Hockey Taldea, Mungart, Mungia Rugby Taldea, Mungiako Merkatari eta Ostalarien Elkartea, Mungian Euskaraz – Euskaraldia, Senmungi, Sociedad de Caza, Pesca y Tiro Mungialdea, Sociedad Ciclista Valentín Uriona, Uribe Butroeko Sarea eta Zuekin Mungialdea.