Albisteak

Mungiako Hiribilduaren 650. urteurrena

Joan infanteak, Bizkaiko Jaunak, 1376ko abuztuaren 1ean eman zuen Hiri Gutuna, Logroñoko Foruaren arabera Mungiako Hiribilduaren oinarriak ezarriz

Mungiak gaur, abuztuak 1, Hiribilduaren sorreraren 650. urteurrena gogoratzen du. 1376ko egun berean, Joan infanteak, Bizkaiko Jaunak, Mungiako Hiribildua eratzeko Hiri Gutuna eman zuen, udalerriaren historian etapa berri bat irekiz.

Hiri Gutuna emateak antolaketa berri bat ezartzea ahalbidetu zuen, Logroñoko Foruaren arabera eskubide eta pribilegio propioak aitortuz. Horien artean astero azoka egiteko aukera zegoen, eta tradizio horrek gaur egun ere jarraitzen du, ostiralero egiten den Mungiako azokaren bidez.

Mungiaren iragana eta oraina lotzen dituen beste elementuetako bat San Pedro da. Hiribilduaren zaindaria izan ondoren, 1900eko Hiribilduaren eta Elizatearen arteko Konkordioaren bidez, Mungiako Elizateko zaindari ere bihurtu zen. Ordutik, San Pedro jaiak udalerriko ospakizun nagusiak dira.

Dokumentazio historikoak jasotzen duenez, Hiri Gutuna 1414an datatua agertzen bada ere, erreferentzia hori garai hartan erabiltzen zen Era Hispanikoa izeneko datazio-sistemari dagokio. Data horri 38 urte kenduta, egungo egutegiko 1376. urtea lortzen da, Hiribilduaren sorrera duela 650 urte kokatuz.

Urteurren honek Mungiaren historia balioan jartzeko eta sei mende eta erdi geroago udalerriaren nortasunaren parte izaten jarraitzen duten elementuak aitortzeko aukera eskaintzen du: tradizioak, topaguneak eta ondare historikoa.