Albisteak

"Mungian Zaharrak Barri", belaunaldi berriei herri-ondarea eta bertoko euskara erakusteko proiektua

Mungiako Udalak "Mungian Zaharrak Barri" proiektuari beste bultzada bat eman dio webgunea berrituta. Herriko etnografia eta euskara Eskola Curriculumean (0-8 urte) txertatzea da ekimen honen helburua; eta horretara, haurrei udalerriko historia, ohiturak eta hitz egiteko modua erakustea eta irakastea.

 

2008an Udalak, Labayru ikastegiaren bidez, laurogei orduko bilketa etnografikoa egin zuen. Grabaziootan herriko tradizioak, jaiak, kantak, ogibideak, kontakizunak…agertzen dira, mungiarrek eurek euskaraz azalduta.

 

Holako lanek inoiz baino garrantzi handiagoa dute gaur egun, globalizazio progresiboaren aurrean, tradizioak eta herri-hizkerak dira-eta nortasun-marka nagusia. Baina biltzea ez da nahikoa, gizarteari bueltatu egin behar zaio aberastasun hori.

 

Udalak bilketa hori gizarteratzeko erabili dituen tresnetako bat da “Mungian Zaharrak Barri”. 0 eta 8 urte bitarteko umeei, euren gurasoei eta irakasleei zuzendutako material didaktiko hau euskarri bitara ekarri da: liburuxka bi eta webgune. Liburuxka bat Haur Hezkuntzako umeei dago zuzenduta, eta bestea Lehen Hezkuntzakoei. Bertan Mungiako abesti, esaera zahar, ipuin tradizional eta hiztegi propioa agertzen dira, irakaskuntzarako baliabide lagungarri modura, formatu erraz eta erakargarrian aurkeztuta.

 

Aurten berritu den webgunea doakoa eta librea da –ez dago erregistratu beharrik– , intuitiboa eta erabilerraza izateko diseinatua. Gune digital horrek, liburuxketan agertzen diren edukiez gain, ahotsezko testigantzez gozatzeko aukera ere ematen du, hau da, kantak, azalpenak, kontaketak… Material oso baliagarria 0-8 urtekoentzat, baita nagusiagoontzat ere.

 

"Mungian Zaharrak Barri" programarekin, Mungiako Udalak tokiko kultura- eta hizkuntza-ondarea zaintzeko konpromisoa indartzen du, belaunaldi berriek sustraiak ezagutu eta balioetsiko dituztela bermatzeko.