Albisteak

Mungiako Udalak udal kiroldegiko padel pistak hobetu ditu

Mungiako Udalak amaitu ditu udal kiroldegiko padel-pistak berritzeko lanak, herritarrek asko erabiltzen dituzten kirol-instalazio horien kalitatea, segurtasuna eta iraunkortasuna hobetzeko. Lan hauek egiteko, 21.175 euroko inbertsioa egin da guztira.

Horrela, pistek azken generazioko belar artifiziala dute orain, testurizatutako monofilamentu-belarrez osatua, padel-kirola egiteko bereziki diseinatutako sistema. Gainazal mota honek pilotaren botearen portaera hobea, jokoan egonkortasun handiagoa eta higadurarekiko eta izpi ultramoreekiko erresistentzia handia eskaintzen ditu, denboran zehar errendimendu optimoa bermatuz.

Era berean, zoladura berriak drainatze-sistema bat du, ura hustea errazten duena eta pistak modu jarraituagoan erabiltzeko aukera ematen duena, baita euria egiten duenean ere.

Jarduera honekin, Mungiako Udalak kirola sustatzeko eta udal instalazioak etengabe hobetzeko konpromisoa berresten du, erabiltzaileei espazio modernoak, seguruak eta egungo beharretara egokituak eskainiz.