Aurten ere, Mungiako Udalak "Oporrak bakean/Vacaciones en paz" programan parte hartuko du. Programa hori Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak antolatu du, udako hilabeteetan Tindoufeko babes-kanpalekuetatik datozen haur sahararrak hartzeko.
Badira hogeita bost urte Saharako kanpamenduetatik Euskadira uda pasatzera iritsi zela lehen haur taldea. Harrezkero, Oporrak Bakean programaren koordinazioa aldatuz joan da, baina abian jartzeko arrazoiek indarrean jarraitzen dute, eta adingabe horiek aldi baterako hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da.
Programa honen bidez, helburu hauek lortu nahi dira:
• Adingabeak basamortuko baldintza gogorretatik aldentzea udako hilabeteetan (55ºC-tik gorako tenperaturak, harea-ekaitzak...).
• Adingabeen osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bidez, egunean bost janari hartuz, elikagai freskoak, barazkiak, fruta, proteinak...
• Oinarrizko azterketa medikoak egitea eta kanpalekuetan detektatzen eta tratatzen zailak diren osasun-arazoei erantzutea: ikusmen-arazoak, entzumena, aho osasuna...
• Saharako haurrek kultura eta hizkuntza berri bat eta babeslekuen errealitatea ez den beste bat ezagutu dezaten erraztea.
• Euskal gizartea sentsibilizatzea Mendebaldeko Sahararen eta Saharako Herriaren egoerari buruz.
• Saharako gizartearen eta euskal gizartearen arteko hurbilketa sustatzea eta bultzatzea.
Uda honetan Euskadira etorriko diren haur sahararren guztizko kopurua 300era iristea espero da. Oporrak Bakean programa udaro gauzatu ahal izateko, harrera-familiak beharrezkoak dira, eta modu guztiz altruistan hartzen dituzte haurrak etxean, familiakoak balira bezala, udalaren laguntzarekin.
Uztailean eta abuztuan Saharako kanpalekuetatik 10 eta 11 urte bitarteko haur bat etxean hartu nahi duten Mungiako familiek Gizarte Ekintza Sailarekin harremanetan jarri beharko dute, 94.655.87.14 telefonora deituta edo gizartekintza@mungia.eus helbide elektronikoaren bidez. Eskaerak egiteko epea otsailaren 24an amaituko da.
Urtero bezala, Udalak bere gain hartuko ditu haur horien bidaiaren gastuak. Gainera, udalekuetan (Uda-pasak) zuzenean eta doan parte hartzeko aukera ematen du, baita udal igerilekuak doan erabiltzeko aukera ere bi hilabeteetan, bai haientzat, bai harrera-familietako haurrentzat.
Era berean, Udalak, Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzarekin batera, herritarrei zuzendutako hitzaldi informatibo bat antolatu du datorren asteartean, otsailaren 10ean, 18:30ean, Torrebillela Kultur Etxean, "Oporrak Bakean" programa zertan datzan hobeto ezagutarazteko eta horren inguruko zalantzak argitzeko.