Pasaden astean, Mungiako Udaltzaingoak gizon bi atxilotu zituen, osasun publikoaren aurkako delituak eta fluido elektrikoaren iruzurra egotzita. Gainera, beste pertsona bi ikertu gisa agertzen dira atestatuan, bi delituekin zerikusia dutelakoan.
Mungiako etxebizitza batean marihuana-plantazio posible bati buruzko informazio bat jaso ondoren hasi zuten ikerketa udaltzainek. Hainbat astez zaintza eta kudeaketa-lanak egin ondoren, ustez landaketa zegoen puntu zehatza aurkitu zuten, labore indoor bat, eta ustezko arduradunak identifikatu zituzten. Inplikatuen errutinen jarraipenak eta zaintzak egin ondoren, agenteek bigarren etxebizitza bat hauteman zuten Gamiz-Fikako udalerri mugakidean.
Egin beharreko kudeaketak egin ondoren, Gamizko etxebizitzan bigarren landaketa bat zegoela erakusten zuten nahikoa zantzu lortu zituzten. Hori dela eta, etxebizitzetan sartzeko eta miatzeko baimen bi eskatu ziren. Baimenak lortu ondoren, persona bi atxilotu zituzten, landaketen erantzukizuna egotzita. Halaber, miaketak egin ziren, eta loratze-fasean zeuden 349 marihuana-landare aurkitu ziren, biltzeko fasera pasatzeko prest zeudenak.
Gainera, miaketan, saltzeko prest zeuden kukuluen kilogramo bat inguru aurkitu zuten, ziurrenik aurreko uztetatik zetozenak; izan ere, atestatuaren instrukzio-taldeak ondorioztatu duenez, inplikatuek aurkitutako uzten antzeko beste 4 lortu zituzten gutxienez. Bi sailek azken belaunaldiko foku indartsuak zituzten argiztapenerako, bai eta tenperatura kontrolatzeko hainbat elementu, haizagailuak eta airea ateratzeko eta landare-substantzia horren usain bereizgarria zabaltzea saihesteko iragazkiak ere.
Miaketen ondoren, fluido elektrikoaren iruzurra ere agerian geratu zen, eta, ondorioz, elementu guztiak epailearen esku utzi ziren delituaren tresna gisa, baita eskudiru kopuru handi bat ere, eta beste persona bi ikertu ziren labore bakoitzean ustez parte hartzeagatik.