Albisteak

Mungiak gastronomiarekin eta tokiko ekoizpenarekin duen konpromisoa berresten du 2026ko Gustoko Azokan

Mungiak berriro ere parte hartuko du Gustoko Azokan, artisautzako eta kalitatezko elikagaien erreferentziazko ekitaldietako batean. Azoka martxoaren 13tik 15era egingo da Bilboko BECen. Edizio honetan, Mungiak bere produkturik adierazgarrienak eta bertakoenak sustatzeko konpromisoa berretsiko du, Cittaslow mugimenduko kide den aldetik; mugimendu horrek bizi-kalitatea, tokiko ohiturak eta berrikuntza uztartzea bultzatzen ditu.

Gustokoren lehen ediziotik, 2007an, Mungia bertan izan da, eta beti nabarmendu da bere produktuen kalitateagatik eta benetakotasunagatik. Aurten ere, bisitariek herriko produktu tipikoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango dute, hala nola babarrunak, txorizoa, barazki-odolostea eta “txakinarto” arto-irina. Asteburuan zehar, Mungiako standean txorizo, odoloste eta babarrunen dastaketak egingo dira, azkenengo hauek 2 euroko prezioan.

Gainera, larunbatean, martxoaren 14an, Mungiako Udalak trikitixa talde bat kontratatu du standean giroa alaitzeko. Emanaldia eguerdiko 12:00etatik 13:30era izango da, azokan euskal giroa eta tradizioa hurbilduz.

Aurten, Mungiako alkate Alaitz Erkorekak, Turismoko zinegotzi Nagore Torrerekin batera, herria ordezkatuko du azokan, eta benetakotasunagatik nabarmentzen diren ekimen eta produktuak aurkeztuko ditu. Azoka aukera paregabea izango da eskualdeko ekoizleekin harremanak sendotzeko eta Mungiaren nortasuna definitzen duten produktuen atzean dauden prozesuak ezagutzeko.

Mungiako standean tokiko ekoizle hauek egongo dira:

  • Luis Azillona, “txakinarto” arto-irinaren ekoizlea, zapore eta kalitate handiko bertako ekoizpenaren adibide.
     

  • Morga Harategia, txorizoetan, odolostetan eta kalitate handiko adobatuetan espezializatutako harategia.
     

Horrela, Mungia euskal gastronomian gero eta erreferente handiagoa den udalerri gisa sendotzen ari da, bertako ekoizleen tradizioa eta ahalegina balioan jarriz eta kalitate handiko produktu autentikoak sustatuz.