Albisteak

Mungiak Zuhaitz Eguna ospatuko du Berriagamendin egingo den landaketa herrikoi batekin eta haritz autoktonoen banaketarekin

Mungiako Udalak datorren martxoaren 21ean ospatuko du Zuhaitz Eguna, Basoen Munduko Egunarekin bat eginez, Berriagamendin egingo den herri-landaketarekin. Tokiko Agendatik sustatutako ekimen hau Berriagamendin bertoko basoa sortzeko proiektuaren lehenengo ekintza izango da. Helburua da ingurunea leheneratzea eta biodibertsitatea indartzea, Mungiarentzat “birika berde” berria sortuz.

Landaketa 11:00etan hasiko da eta 13:30ak arte luzatuko da, gutxi gorabehera. Parte-hartzea herritar guztiei irekita dago, baina izena ematea beharrezkoa izango da martxoaren 13a baino lehen, tokikoagenda@mungia.eus helbidera idatzita.

 

Martxoaren 13an, haritz autoktonoen banaketa

Zuhaitz Egunaren harira, Mungiako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailaren lankidetzari esker, Quercus robur (Euskal Herriko haritza) espezie autoktonoaren landareak banatuko ditu, Foru Aldundiak bultzatutako Haritz Proiektuaren barruan.

Banaketa martxoaren 13an, barikua, egingo da Foruen Enparantzan, 10:00etatik 14:00etara. Interesa duten herritarrek bertara joan ahal izango dute zuhaitzak jasotzera. Elkarteek, ikastetxeek edo auzoek ale bat baino gehiago jaso nahi badute, eskaera egin beharko dute martxoaren 10a baino lehen, tokikoagenda@mungia.eus helbidera idatzita, harremanetarako datuak eta eskatutako ale kopurua zehaztuz.

Ekimen hauen bidez, Mungiak ingurumenaren aldeko konpromisoa berresten du, naturaren zaintza eta herritarren inplikazioa sustatuz.