Martxoaren 8an Mungiako Udalak Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatuko du, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrarekiko konpromisoa berretsiz. Data hori aldarrikapenerako eta hausnarketarako unea da, baina baita emakumeek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta erakundeen konpromisoa berritzeko ere, udalerri bidezkoago, inklusiboago eta desberdintasunik gabeago baterantz aurrera egiten jarraitzeko. Horregatik, Udalak martxo osoan zehar garatuko den jarduera programa bat antolatu du martxoaren 4tik 9ra Udalaren argiztapen morea hartuko duena.
Era berean, Mungiako emakumeen historia ikuspegi berri batetik berrirakurtzeko ikerketa-bekaren III. edizioa jarri da abian. Oraingo honetan, Mungiako emakumeek lanaren eta ofizioen esparruan egiten dituzten ekarpenak genero-ikuspegitik berreskuratu eta ikusaraztea izango da azterlanaren ardatza. Laguntza 3.800 eurokoa izango da, eta 5.700 eurora arte luzatuz gero. Proiektuak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 26ra arte egongo da zabalik.
Egitaraua martxoaren 5ean, osteguna, hasiko da, 19:00etan, Torrebillela Kultur Etxean, "Badarraigu" bertso saioarekin.
Martxoaren 6an, ostirala, emakumeen soka-dantzaren entsegua egingo da, 12:30ean, Olalde Aretoko dantza-aretoan, 14 urtetik gorako emakumeei irekia. Egun horretan bertan, 18:30ean, Gaztegunean "Emakumea eta Artea: Frida" tailerra izango da, oihalezko poltsen dekorazioan oinarritua, eta 19:30ean, Torrebillela Diz-Diz antzerki tailerraren eszenatoki izango da, Federico García Lorcaren oroimenez irakurketa dramatizatuarekin. Udal bandoa ere argitaratuko da eta emakume baserritarrei omenaldia egingo zaie lore eta txokolate banaketarekin. Horrez gain, Emakumeentzako Ahalduntze eskolak antolatutak autodefentsa feministako tailerra hasiko da, 11 eta 15 urte bitarteko neskentzat.
Martxoak 8, ekitaldi nagusia manifestazio eta kontzentrazioarekin
Martxoaren 8an, igandea, programazioaren ekitaldi nagusia izango da. 12:30ean manifestazioa abiatuko da Txistulari plazatik, Mungialdeko emakume elkarteek eta talde feministek deituta. 12:45ean elkarretaratzea egingo da udaletxearen aurrean, eta, horrez gain, emakumeen soka-dantza egingo da.
Egun horretan bertan, Andra Mari plazan Emakume Artisauen Azoka izango da, emakumeen sormen lana ikusarazteko eta laguntzeko gunea.
Programazioak martxoaren 23an jarraituko du, 18:00etatik 20:00etara, Liburutegian, Eleanor Davisen "Tú: una bici y la carretera" obraren inguruko irakurketa feministako klubarekin. Gainera, martxoaren 25ean, 17:00etatik 19:00etara, Ramontxu Tabernan, "Kafe bat historia egin zuten emakumeekin" topaketa egingo da, Simone de Beauvoir, Mari de Anboto edo Marie Curie erreferenteen ondarea ezagutzeko proposamen parte-hartzailea. Jarduerak euro bateko kostua izango du, edukiera mugatua eta aldez aurretik izena ematea.
Programa horren bidez, Mungiak berretsi egiten du berdintasunarekin duen konpromisoa, eguneroko zeregin kolektibo gisa, eta herritarrak gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan inplikatzen ditu.