Mungiako Udalak beste urrats bat eman du udal instalazioak modernizatzeko eta eraginkortasun energetikoan, jasangarritasunean eta aurrezpen ekonomikoan aurrera egiteko. Horrela, aurten ere, herriko argiteria publikoa hobetuko da.
Urtero egiten den esku-hartzearen helburua da argiteria publikoko instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzea, dauden luminariak LED teknologia modernoagoa eta efizienteagoa erabiltzen duten beste batzuekin ordezkatuz, eta, horrela, eraginkortasun energetikoari buruzko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.
"Mungia udalerri jasangarriagoa eta eraginkorragoa izateko gure konpromisoaren parte da jarduera hau. Baliabideen kudeaketa arduratsuaren eta gure herritarren bizi-kalitatean eragin zuzena izango duten inbertsioen aldeko apustua egiten dugu ", adierazi du Alaitz Erkoreka Baraiazarra alkateak.
Eraginkortasuna hobetzeaz gain, proiektuak energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea ahalbidetuko du, Mungiak klima-aldaketaren eta garapen iraunkorraren aurkako borrokan duen konpromisoari lagunduz.
Jarduketa horrek, halaber, kontsumo elektrikoaren, lanparen birjarpenaren eta mantentze-lanen ondoriozko gastu arrunta murriztea ekarriko du, LED luminariek bizitza baliagarri luzeagoa baitute eta energia-errendimendu hobea eskaintzen baitute.
Guztira 160.000 euroko inbertsioa egingo da, eta 208 argi ordeztuko dira udalerriko hainbat gunetan: Trobika kalean, Goietako biribilgunean, Aita Elorriaga kalean, Behargintzaren atzealdean, Gamizko bideko saskibaloi-pistan, eta Mastibarrena, Erribide, Sagardi, Aureliano Galarza, Elorduigoitia, Lauaxeta Olerkari eta Butroi kaleetan.
"LED teknologiako argiteria publikoa berritzeak gure kaleetako argiztapena eta segurtasuna hobetzeaz gain, energia-kontsumoa eta emisio kutsatzaileak murrizten ere laguntzen du. Beste urrats bat da Mungia berdeago eta etorkizunarekin konprometituago baterantz ", gaineratu du zinegotzi jeltzaleak.