Udalak Mugire Txokoan egindako hobekuntza lanak amaitu ditu. Lan horien bidez, lokalaren akustika hobetu da, eszenatokiko argiztapena eta soinuztapen ekipoa berritu dira, eta aire girotuko sistema berria instalatu da.
Alde batetik, eszenatokiko egungo sabai faltsua kendu eta sabaia xurgatzaile motako batekin ordezkatu da, lokalaren kalitate akustikoa hobetzeko. Horrez gain, instalazio elektrikoa eguneratu da, eszenatokiko argiztapen berria jarri da eta soinuztapen ekipo berria instalatu da. Jarduketa honek 25.410,00 euroko aurrekontua izan du.
Bestetik, aire girotuko ekipo zaharra kendu eta bero-ponpaz funtzionatzen duen klimatizazio ekipo berria jarri da. Lanen barruan, erauzketa-sareten altuera moldatu da, lokalak duen egurrezko sabaira egokituz. Esku-hartze honek 9.254,32 euroko inbertsioa izan du.
Azken lan hauek aurreko urtean egindako lehen faseko jarduketei gehitu zaizkie, eta horrela, Mugire Txokoko egokitzapen lanen prozesua amaitutzat eman da. Hobekuntza hauei esker, espazioak erabilera baldintza hobeak, erosotasun handiagoa eta jarduera desberdinak garatzeko kalitate egokia eskaintzen ditu.