Mungiako Udala FITUR 2026an izan da Madrilen, udalerriaren ordezkaritza instituzionalaren baitan eta turismoaren arloan egiten duen lana ezagutarazteko helburuarekin.
Mungiako alkatea den Alaitz Erkoreka, azokan izan da, Nagore Torres Turismo zinegotziarekin batera. Presentzia horri esker, Mungia turismo-eredu jasangarri, hurbil eta kalitatezkoarekin konprometitutako udalerri gisa kokatzen jarraitu da.
Aspalditik, Udalak konpromiso sendoa dauka tokiko produktuaren eta lehen sektorearen defentsan eta balioan jartzean, Mungiako ekonomiaren eta bizimoduaren oinarri nagusietakoak baitira. Konpromiso hori bertakoa babestera, gertukoa sustatzera eta pertsonak eta ingurunea errespetatzen dituen garapena bultzatzera bideratzen da.
Mungia hazten ari den eta etengabeko modernizazio prozesuan dagoen udalerria da, etorkizunari anbizioz begiratzen diona, baina bere sustraiak ahaztu gabe. Nortasuna, tradizioa eta jatorriarekiko errespetua funtsezko elementuak dira herri-eredua eraikitzeko, aurrerapena, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea uztartuz.
Cittaslow, bizi-kalitatearen eta garapen orekatuaren aldeko konpromisoa
Era berean, Alaitz Erkorekak Cittaslow, Red de Municipios por la Calidad de Vida elkarteko presidente gisa duen arduratik, bai sareak bai Mungiak sustatzen duten Cittaslow eredua azpimarratu du. Ikuspegi honek estresaren eta masifikazioaren aurrean erritmoa moteltzearen alde egiten du. Cittaslowek bizi-kalitatea, tradizioekiko errespetua, nortasuna eta historia modernitatearekin eta zerbitzuekin uztartzen dituzten herri eta hiriak eraikitzea du helburu, betiere etorkizuneko belaunaldiak kontuan hartuta.
Testuinguru horretan, Erkorekak gogorarazi du Mungia izan zela 2008an Cittaslow sarean bat egin zuen lehen udalerrietako bat, eta gaur egun Estatuko 12 udalerrik osatzen dutela sarea. Konpromiso honek hainbat irizpide betetzea eskatzen duela azpimarratu nahi izan du, besteak beste, ingurumenaren, hiri-bizitzaren, nekazaritzaren, turismo jasangarriaren, gizarte-kohesioaren eta lurralde arteko lankidetzaren esparruetan.