'Gidabaimena euskaraz' kanpaina

Mungiako autoeskolek urteak daramatzate gida-baimena ateratzeko behar den prestakuntza euskaraz eskaintzen. Urte luzez saiatu ondoren azkenik xede hori lortu zenetik urtero ematen zaie Mungiarrei informazio horren berri, dela web orriaren bidez, dela Mungiako ikastetxeetako batxilergoko ikasleei ematen zaizkien hitzalditxoen bidez.


Mungian ez daukagu gida-baimena euskaraz ez ateratzeko aitzakiarik.

Begirale eta entrenatzaile euskaldunen lan-poltsa

Ume eta gazteentzako aisialdi-eskaintza euskaraz garatzeak eragin handia du gazte horiek hizkuntzarekiko duten jokaeran. Izan ere, euskarak arautu gabeko eremu ez-ofizialetara egin behar du jauzi gazteentzako marka positibo bihurtuko bada.


Gaur egun mungiar gehienek euskaraz badakiten arren, kirol-jarduera eta aisialdi pribatuko ekintza askotan oraindik gaztelania da nagusi. Lan-poltsa hori egoera horri buelta emateko asmoz sortu da.

Bertan izena ematen duten pertsonen zerrenda ikastetxeei, gurasoen elkarteei, kultura- zein kirol-elkarteei eta udal zerbitzuei (Behargintza barne) helarazten zaie.

 

Apunta zaitez: euskera@mungia.eus