Euskal kulturan oso errotuta dagoen jai honen inguruko tradizioen berrinterpretazio batekin Gau Baltzaren ospakizuna birsortzeko asmoz, Mungiak, iazko arrakastaren ondoren, urteko gaurik beldurgarriena ospatuko du berriro, urriaren 31n publiko orori zuzendutako jarduera programa batekin. Zentzu horretan, Udalak antolaturiko egitaraua 18:00etan hasiko da, magiaren, beldurraren eta iluntasunaren inguruan, arimetako gaueko pertsonaiarik bihurrienak eta Izenaduba Basoaren pertsonaia mitologikoak protagonista direla.
Nagore Torre Mungiako Udaleko Turismo zinegotziak adierazi duenez, "iaz ekimenak izan zuen harrera onaren ondoren, Udaletik beste aukera bat eskaini nahi dugu urteko gaurik beldurgarriena familian edo koadrilan igarotzeko, euskal kulturari errotutako jai honen errituak eta ohiturak berrinterpretatzea helburu duten jarduerekin. Horregatik, mungiarrak kalera irtetera animatzen ditugu berriro, eta urriaren 31an jolas, magia eta musika askorekin gozatzera".
Jai-egitaraua 18:00etan hasiko da Joaldunak eta Izenadubako pertsonaia mitologikoen kalejira batekin. Euskal Pizkundea etorbidetik abiatuko da Butroi, Lauaxeta Olerkari eta Izenaduban amaitzeko. Azken horretan, 19:00etatik 21:00etara, Tor Magoaren magia ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Bertan, Landetxo baserriaren ondoan txokolotada bat ere egongo da.
Bestalde, Uriguen parkean Arimen Gunea egongo da. 21:00etatik 00:00etara erromeriaren txanda izango da "Zirkinik Bez!" taldearekin eta, ondoren, puntu berean, DJ Blessive arituko da 03:00ak arte.