Mungiak eskualdeko eta auzoetako jaietarako gaueko autobus-zerbitzua, "Jaitxori" izenekoa, izango du berriro. Mungian erroldatuta dauden eta 16 urtetik gorako pertsonek Gatikako jaietan datorren asteburuan hasiko den doako ekimen hau erabili ahal izango dute. Horrela, datorren larunbatean, maiatzaren 3an, gaueko autobusak joaneko bidaia bat eta itzulerako beste bat egingo ditu; Gatikara abiatuko da 23:00etan, udaletxearen aurrean irtenda, eta goizaldeko 5:00etan bueltatuko da.
Mungiako Udaleko Gazteria zinegotzi Bakarne Egiak adierazi duenez, "aurreko edizioetan izandako arrakasta ikusita, berriro ekingo diogu zerbitzuari, gazteen kolektiboari eskualdeko herrietako eta gure herriko auzoetako jaietara modu seguruan joatea errazteko helburuarekin".
Zerbitzu honek bi urte bete ditu jada, eta harrera ona izan du hasiera-hasieratik. Ildo horretan, iaz 400 lagunek baino gehiagok gozatu zuten uda osoan zehar, Gatika, Maruri, Laukiz edo Larrauriko jaietarako zerbitzuekin, besteak beste.
Nabarmentzekoa da zerbitzua Mungian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonentzat dela. Tiketak Gaztegunean jasoko dira, bai asteartetik larunbatera, 18:00etatik 19:00etara, bai Gazteguneko ohiko ordutegian. Nahitaezkoa izango da NANa aurkeztea, eta pertsona bakoitzak gehienez 2 tiket jaso ahal izango ditu.