Albisteak

MUNGIA INDARTZEN

Ostalaritzea eta merkataritzea bultzatzeko Mungia Indartzen laguntzak 500.000 eurotik gorakoak dira daborduko

Ostalaritzea eta merkataritzea bultzatzeko Mungia Indartzen laguntzak 500.000 eurotik gorakoak dira daborduko

 

  • 362.000 euro zuzeneko hiru laguntza-deialdiren bidez emon dira, eta 142.000 euro kontsumo-bonuen bidez
  • Ganera, apirilaren 30era arte, Udalak hobariak ezarri ebazan toldoen eta terrazen tasetan, eta terrazak handitzeko aukerea emon eban

 

Mungian, 2022ko maiatzaren 13an.- Mungia ez da geratu 2020ko martian COVID19a etorteak ekarri eban inpaktu ekonomikotik kanpo. Hori dala eta, zuzeneko laguntzen eta bonu-kanpainen hainbat deialdiren bidez, Udalak orain arte 500.000 euro baino gehiagogaz lagundu deutso udalerriko merkataritza- eta ostalaritza-sektoreari.

362.000 euro, txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorea sustatzeko eta bertako ekonomiari eusteko zuzeneko laguntzen hiru deialdiren bidez emon dira. Eta 142.000 euro kontsumo-bonuen kanpaina biren bidez (2020ko bagilean eta 2021eko abenduan), udalerriko familien likidezia bultzatzeko eta, aldi berean, programeagaz bat egin eben bertako establezimenduetan kontsumoa suspertzeko.

"Gure helburua, denpora guztian, alarma-egoerearen adierazpenek eragindako kalte ekonomikoen eragina murriztea izan da, baita pandemiari aurre egiteko ezarritako murrizketena be, jarduera aldi baterako etetearen aurrean", ziurtatu dau Ager Izagirre Mungiako alkateak.

Holan, gogora ekarri behar da 2022ko apirilaren 30era arte Mungiako Udalak hobariak ezarri ebazala toldoen eta terrazen tasetan, eta terrazak handitzeko aukerea emon ebala. "Osasun-egoereagaz erlazionautako mugak amaitu ostean, espaloietan salbuespenez gaitu ziran terrazak desagertu egin ziran eta gauza bera gertatu zan lehendik egozanen handitzeakaz. Herritar guztiei jagoke espazio publikoaz gozetea. Udalak bizikidetza baketsua bermatu eta zaindu behar dau", azaldu dau Izagirrek.