Mungiak "San Juan Gaua" ospatuko du urteko egunik luzeenaren bezperako ohiko egitarauarekin. Bertaratzen direnek hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute, hala nola, Herri kirolak, txokolatada, suaren inguruko dantza, zezensuzkoa eta musika. Aiora Renteriaren kontzertuaz Izenaduba Basoan, eta Lorratz Taldearen eta Udal Musika Eskolako trikitilarien erromeriaz ere gozatu ahal izango da.
Horrela, 19:00etan hasiko da programazioa Matxin plazan Herri Kirolekin, zehatzago esanda, Euskadiko Trontza Misto eta Emakumezkoen Aizkora kanporaketekin. 21:00etan, Aiora Renteriaren txanda izango da, Izenaduba Basoan eskainiko duen kontzierto akustikoarekin. Sarrerak doakoak dira, baina edukiera mugatua izango da. Gaurtik aurrera, ekainak 17, eskatu ahal dira sarrerak telefono zenbaki honen bidez: 946740061.
Uriguen parkea
21:30etatik aurrera, programazioa Uriguen parkean egingo da. Ordu horretan, ohiko txokolate banaketa egingo da. 22:00etan, sua piztuko da Udal Dantza Eskolaren eskutik. Bertan, San Jose Etxe-Alai egoitzako adinekoek "Txorimaloa" egingo dute. 22:15ean, Uriguen parkean bertan, erromeria izango da Lorratz Taldearen eta Udal Musika Eskolako trikitilarien eskutik. Zezensuzkoak itxiko du jardunaldia 23:00etatik aurrera.