Albisteak

Mungiak "Aste Berdea 2024" ekimena ospatuko du ekainaren 14an eta 16an

Mungiak "Aste Berdea 2024" ekimena hartuko du ekainaren 14an eta 16an. Ekimen honen helburua da pertsonak kontzientziatzea aurrean dugun ingurumen- eta klima-erronkari buruz. Horretarako, lur planetarekin eta planetari eragiten dioten faktore klimatikoekin lotutako hainbat jarduera antolatu dira.

Zentzu horretan, Mungiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Leire Bilbaok gogorarazi duenez, "herritarren kontzientziazioa azpimarratzen jarraitu behar dugu. Gure esku dago belaunaldi gazteenei utziko diegun ondarea, eta, batez ere, gure esku dago ulertaraztea zein garrantzitsua den egiten dugun ekintza bakoitza, zer ondorio izan ditzakeen ingurumenean. Gaur egiten dugunak zuzenean eragingo du etorkizunean".

Egitaraua
Horrela, ekainaren 14an, jarduerak 17:30ean hasiko dira, Mungiako Lanbide Heziketako Mekanika BHI moduluko ikasleek egindako Euskelec ekimenaren aurtengo edizioaren irabazle izan den auto elektrikoaren aurkezpenarekin. Halaber, Euskal Pizkundea etorbidean jarriko den zirkuitu txiki batean erakustaldia izango da. 20:00etan, Andra Marin, argi-kutsadurari buruzko hitzaldia eta kartelen erakusketa izango da. Jarduera hau 2030 Eskola Agendako ikasleek antolatu dute. Jardunaldia 21:30ean itxiko da Matxin plazan behaketa astronomiko batekin.

"Aste Berdea 2024" amaitzeko, ekainaren 16an, 5 eta 11 urte bitarteko haurrek tailerrez betetako goiz batez gozatzeko aukera izango dute Andra Marin. 11:30etik 13:00etara, kutsatzen ez duen energiari, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari, urpeko bizitzari eta abarri buruzko jarduera ludiko batzuetan parte hartu ahal izango dute.

Hasierako egitarauan ekainaren 12an, 19:00etan, Torrebillelan, dokumental bat proiektatzen bazen ere, antolakuntzarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, beste data batera atzeratu zen. Oraingoz, ez dago zehaztuta, baina Udalak bere komunikazio-kanalen bidez jakinaraziko du.