Albisteak

Mungian edadeko pertsonei euren autotik urten barik jarriko jake COVID-19aren kontrako txertoa
Mungian edadeko pertsonei euren autotik urten barik jarriko jake COVID-19aren kontrako txertoa gaurtik aurrera. Hiru lurraldeetan edadekoak txertatzeko abian jarri dan proiektu pilotuaren barruan sartzen da gure herriko txertaketa-programa hau.  
 
Eguazten honetan zehar, adineko 18 pertsonak jasoko dabe txertoa autotik urten barik. Horretarako, Mungiako osasun-zentroaren kanpoaldean jarritako instalazinoetara joan beharko dabe edadekoek eta bertan iminiko deutsee txertoa Osakidetzako langileek. Hori bai, etxera bueltatu aurretik, 15 minutu itxaron beharko dabe, txertoak ezelango ondorio kaltegarririk eragin deutsen ala ez jakiteko.
 
Txertatze modalitate barri hau hiru lekutan hasi dira probatzen: Mungiako osasun-zentroan (Bizkaian), Donostiako Ospitalean (Gipuzkoan) eta Gasteizeko Santiago Ospitalean (Araban). Osakidetzak jakinarazo dauenez, sistema honek emaitza onak izanez gero, aurrerago leku gehiagotara zabaltzeko aukerea aztertuko da.
 
Guztira, hiru txertatze-puntuok barne, euskal osasun-zerbitzua bere sareko 25 puntutan dabil txertoak emoten. Kopuru hori handitzea aurreikusita dago, beharrizanen eta txertatu beharreko bizilagun kopuruaren arabera. Aste honetan, 100 urtetik gorako pertsonen txertaketa hasi da, 1.800 inguru Euskadi osoan. Osakidetza adin-talde horretako biztanle guztiakaz hartu-emonetan jarten dabil egunotan, txertoa jasoteko hitzordua zehaztu ahal izateko. Adin-tartea apurka-apurka zabaldu egingo da, izan bere, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diran 80 urtetik gorako 160.000 pertsona txertatzea da datozen asteetarako helburua.