Albisteak

Mungiara Gabonak ailegau dira

Produktu naturalen eta artisautzako produktuen 12 postuk osotuko dabe Mungiako Gabonetako Azoka abenduaren 16tik 24ra Matxin plazan Abenduaren 16an...

Mungian, 2022ko abenduaren 14an. Gabonak bueltan dagoz, eta horregaz batera, Mungiak egun berezi honeetan antolatzen dauzen jarduera ugariak. Zentzu horretan, urte biren ostean, Mungiako Udalak barriro antolatu dau Gabonetako Azoka, abenduaren 16tik 24ra Matxin plazan egingo dan artisautza azoka tradizionala. Azoka horren barruan, aurton 12 modulu izango dituan artisautzako produktuak saltzeko espazioa egongo da, eta bertan mungiarrek eskuz egindako artisautzako produktuak erosi ahal izango ditue. Halaber, abenduaren 16an, Gabonetako argiak piztuko dira, eta aurten, Mungiak % 43 aurreztuko dau aurreko ikasturteekaz alderatuta, udalerria modu eraginkorragoan eta kontsumo arduratsuagaz argiztatzeko ezarritako neurriei esker.

Gabonetako Azoka, Gabonetako 12 postugaz

Mungiako Udalak eta Mungialdeko Behargintzak antolatu dabe ekimena, eta jaiegun honeetan salmentak animetea dau helburu, ekoizle txikiak bultzatuz. Ganera, azokak Gabonetako animazinoa izango dau, eta bertaratzen diranek, txiki zein heldu, erosketak egiten dituen bitartean tailerrak, umeentzako jolasak eta musika-emonaldiak izango ditue inguruan. Ezinbesteko hitzordua herriko Gabonetan argi berezia izango dauen giro atseginean.

Nagore Torre Mungiako Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak, denpora asko igaro ostean ekoizleek azoka tradizional horretan parte hartzeko daukien gogoa azpimarratu dau "kalidadeko espazioa eskaintzen deutsolako artisau lez produziduten dauen kolektiboari, egun esanguratsu honeetan mungiarrek holango produktuez gozetako eta horreek kontsumiduteko aukera izan daien. Ekitaldi horrek bat egiten dogun Cittaslow mobimenduaren ildoari jarraitzen deutso".

Holan, datorren abenduaren 16tik aurrera, 8 egunez, Gabonetako Azoka tradizionalak Gabonetako 12 postu izango ditu: bisuteria, kosmetika, etxeko dekorazinoa... danak modu artisauan egindako produktuakaz.

Postuen zerrenda

-LOFT DI LAURA: Bisuteria trukagarria eskuz margotutako botoiagaz eta buztin polimerikoagaz.

-KAROLA KOSMETIKA NATURALA: Txanpu solidoak, arpegiko eta gorputzeko jaboiak, krema hidratanteak, ukenduak eta eskuz margotutako koadruak.

-LA MARIETA TEA: Teak, infusinoak, sendabide naturalak, kafeak eta intzentsuak. Dana ekologikoa eta bertan ekoiztutakoa.

-AMA.KRAME DESIGN: Bitxigintza energetikoa harri erdi-bitxiakaz eta makrame teknikagaz egindako etxerako ehun-dekorazinoa.

-BASALORE AGROKOSMETIKA: Jaboiak eta landara-orioak tokikoak eta naturalak diran osagaiakaz eta modu artisauan prestauta.

-ANDREA NIETO JEWELS: Eskuz egindako bisuteria, zidarrez, narruz, erretxinaz eta askotariko kristalez bustitako zamakagaz.    

-PARA GUSTOS MILES DE COLORES: Oihalezko objektuen ganeko kustomizazinoa eta pintura, eta autore bitxigintza sutan esmaltatua kobre ganean eta zidarretan jarrita.            

-ODEI SIN H: Jaiobarrientzako, umeentzako eta helduentzako eskuz egindako erropa eta osagarriak.

-KANDELAK EGUZKILORE: Eskuz egindako kandela zizelkatu eta aromatikoak, Euskal Herriko ikur eta irudiakaz. Eskuz egindako oihalezko objektu apaingarriak, Olentzero eta Euskal Herriko beste irudi batzukaz, artisau-boltsak eta Gabonetako kojinak.         

-MARSALA ARTISAUTZA: Eguzkilore apaingarriak, pelutxeak, eskuz egindako Gabonetako apaingarriak (galtzagorriak, Olentzeroak, Mari Domingiak...), eskegiteko mobikorrak, zaku termikoak, poltsak gordetako panpinak, fofu-arkatzak, txotxongiloak, etab.

-LEKANDA FLORISTAK: Goroldioa, Gabonetako berdeak, ponsetia, Gabonetako koroak, lora-txorta eta lora-konponketak, Gabonetako dekorazinorako.

-NIRE AMETSAK: Oihalez egindako osagarriak. Bisuteria buztin polimerikoan eta Legezko zidarrean.

Mungiak % 43 aurreztuko dau aurtengo Gabonetako argiak biztean

Gabonetako Azoka hasten den egun berean, abenduaren 16an, Udalak jaietako argiak biztuko ditu, ohikoa dan lez abenduaren 6an biztu beharrean, eta argien % 100a LED argiak izango dira. Izan be, azken urtean argiaren kostuak izan dauen igoeragaz, Gabonetako argien energia-kontsumoaren gitxi gorabeherako kostua aurtengo Gabonetan, aurreko ikasturteko eskeman oinarrituta, ia bikotxa izan leike. Holan, argiztapen hori ekonomiaren ikuspegitik eraginkorragoa izan daiten, Udalak zenbait neurri hartu ditu kontuan. Neurri horreek % 43 aurreztea ekarriko dabe.

Beraz, alde batetik, Gabonetako argiztapenaren % 100a LED argiakaz egitea erabagi da. Aurreko aurrekontuakaz alderatuta, neurri horrek % 10 aurreztea ekarriko dau. Beste alde batetik, biztea abenduaren 6tik 16ra atzeratzea erabagi da. Horri esker, % 33 inguru aurreztuko dala uste da. Holan, Mungiako Udalak % 43 murriztuko dau Gabonetako argien gastua.