Albisteak

Mungiako Udalak bat egin du Europar Batasuneko Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin, eta Klima eta Energiaren Tokiko Plana egiteko prozesuari ekin dio

Mungiako Udalak, klima-aldaketa eta energia-trantsizio justu eta iraunkorra sustatzearekin duen konpromisoaren esparruan, EUDELek eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak sustatutako Klima eta Energiarako Alkatetzen Itunarekin bat egitea erabaki du, 2012an klima-aldaketaren aurrean tokiko iraunkortasunarekin eta ekintzarekin hartutako konpromisoa berrituz.

Alaitz Erkoreka Baraiazarra Mungiako alkateak azaldu duenez, "ekimen honek 2012ko Itunean sinatutako konpromisoa berritzen du, eta jasangarritasuneko tokiko politikak indartzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta trantsizio energetikoa sustatzea du helburu".

Udalbatzak bere azkeneko sesioan aho batez onartu du Europako Batzordeak, Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sustatutako konpromiso-esparru berriarekin bat egiteko erabakia, tokiko helburuak Europar Batasunak 2030 eta 2050erako ezarritako helburuekin lerrokatzen dituenak. Itun horrek administrazioen arteko lankidetza indartzen du, eta tokiko gobernuek funtsezko zeregina dutela aitortzen du energia garbia, segurua eta pertsona guztientzako irisgarria izateko trantsizioan.

"Atxikimendu horrekin, Mungiak berretsi egiten du klima aldaketaren aurkako borroka globalean parte aktiboa izateko borondatea. Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin dugun konpromisoa ez da formaltasun instituzional hutsa: erabaki politiko irmoa da, eta larrialdi klimatikoaren eta gure gizarteak dituen ingurumen-erronken aurrean tokiko administrazio gisa dugun erantzukizuna islatzen du", nabarmendu du Alaitz Erkoreka Baraiazarra alkateak.

Atxikitzeak konpromiso-agiri ofiziala sinatzea dakar. Dokumentu horren bidez, udalerriak konpromisoa hartzen du berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, Europako helburuen arabera, klima-aldaketaren aurrean erresilientzia eta egokitzapena hobetzeko, energia-trantsizio justua bermatzeko, energiarako sarbide ekitatiboa eta iraunkorra bermatzeko, eta herritarren parte-hartzea eta tokiko enpresekiko eta eragileekiko lankidetza bultzatzeko, Mungia berdeagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko.

Berrespen horrekin, Mungiako Udalak bat egiten du Alkatetzen Itunaren mugimenduan parte hartzen duten Europako 10.000 hiri baino gehiagorekin, iraunkortasunaren arloan tokiko lidergoa eta 2050erako neutraltasun klimatikoarekiko konpromisoa berretsiz.

"Mungiaren etorkizuna udalerri-eredu iraunkorrago, eraginkorrago eta erresilienteago baterantz aurrera egitea da. Trantsizio ekologiko justu baten aldeko apustua egiten dugu, inor atzean utziko ez duena eta ingurunearen babesa pertsonen ongizatearekin konbinatuko duena. Iraunkortasuna ezin da ingurumen-kontu gisa bakarrik ulertu, gure herritar guztien ekitatea, osasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko konpromiso sozial eta ekonomiko gisa ere ulertu behar da" amaitu du zinegotzi jeltzaleak.

Klimaren eta Energiaren Tokiko Plana
Era berean, Udalak dagoeneko hasi du Klima eta Energiaren Tokiko Plana egiteko prozesua, EAEko politika eta araudiekin bat etorriz, hala nola Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko 1/2024 Legea eta KLIMA2050 Estrategia, datozen hilabeteetan 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko jomuga zehatzak ezarriko dituena. Ekintza honekin, Mungiak ingurumena babesteko eta herritarrentzat etorkizun iraunkorrago bat eraikitzeko konpromisoa berresten du.