Albisteak

"San Juan Gaua" ekainaren 23an iritsiko da Mungiara, hainbat jarduerarekin

Urtero bezala, ekainaren 23an, Mungiak "San Juan Gaua" ospatuko du egitarau zabalarekin, urteko egunik luzeenaren bezpera ospatzeko. Sinbolismoz eta energiaz beteriko ekitaldi honek udako solstizioaren etorrera markatzen du eta urteko gau magikoenetako bat da.

Horrela, 17:00etatik 23:00etara, bertaratzen direnek haurrentzako jolasak, erromeria, txokolatada, suaren inguruko dantza eta zezensuzkoa izango dituzte Uriguen parkean.

Zehazki, 17:00etatik 20:00etara, txikienek beraientzat bereziki diseinatutako euskal mitologian oinarritutako jokoez gozatu ahal izango dute. Horiek amaitutakoan, 21:00ak aldera, San Juan Gaua girotuko duen erromeria hasiko da Ostolaza eta Narbaiza trikitilariekin. Ohi bezala, 21:30ean txokolate gozoa banatuko da eta 22:00etan sua piztuko da Udal Dantza Eskolaren eskutik. Bertan, San Jose Etxe-Alai egoitzako adinekoek egindako "Txorimaloa" erreko da. Azkenik, 23:00etan, zezensuzkoak itxiko du eguna.